Euskal presoentzako «aterabide integrala» eskatu dute Donostian
Ia mila lagun batu ditu Sarek gaur eguerdian Donostian, euskal presoen aldeko urteroko manifestazioan. Ibilbidean zehar, dultzainero talde batek girotuta, euskal presoen aldeko oihuak egin dituzte.
Nahikari Iturbe Sareko bozeramaileak komunikabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, euskal presoen aldeko sareak Donostiako erdigunera eraman du aurten orain arte Martuteneko espetxearen aurrean egin ohi zen ekitaldia. “Martutenen egin ohi dugun mobilizazioa aurten Donostiako erdigunera ekarri dugu, gure aldarriak, euskal preso iheslari eta deportatuen auziari aterabide integral bat eskatzen dugula hiri guztian zehar ikus dezaten”.
“13 urte igaro dira ETAk jarduera utzi zuenetik, baina oraindik 133 preso daude espetxeetan eta 19 deportatu inguru”, adierazi du Iturbek. “13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeak, orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena”, adierazi dute.
Iturbek urtarrilaren 11rako Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Bertan, Sarek “konponbide integrala” eskatuko du, euskal presoek “etxerako bidea egin dezaten” eta “indarkeria ezberdinen biktimek egia jakin dezaten”.