Txillardegi omentzeko liburua, hitzaldia eta ekitaldia
Markos Zapiain idazleak 'Txillardegi hizkuntzalari' saiakera plazaratuko du urtarrilaren 9an.
Urtarrilaren 14an beteko dira hamahiru urte Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zendu zenetik. Egun batzuk lehenago, hilaren 9an, Txillardegi hizkuntzalari saiakera aurkeztuko du Markos Zapiain idazleak Elkar liburu dendan, 10:30ean. Egun berean, horri buruzko hitzaldia antolatu du Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko kriptan, 19:00etan.
Zapiainek Txillardegik hizkuntzalaritzan egindako lana eta zituen iritziak bildu ditu saiakera mamitsu eta pedagogiko batean: linguistika estrukturalistan topaturiko oinarriak, antropologiarekiko loturak, psikoanalisiarekiko kontaktuak eta abar.
Hizkuntzalari, politikari eta idazle donostiarraren omenezko ekitaldia, berriz, urtarrilaren 12an izango da, Antiguako Txillardegi plazan (Gaskonia plaza), 12:00etan. Aurten ere, lore eskaintza, aurreskua, bertsoak, kantuak eta dantza ez dira faltako, “denon artean Txillardegiri zor zaion aitortza aldarrikatzeko”, eta “oraindik izenik ez duen Donostiako Udaleko Udal Liburutegi Zentralari Txillardegi izena jar diezaioten eskatzeko”. Kantuan Revuelta, Etxebeste eta Azken Zutik ariko dira.
Hitzartzea, berriz, Jakes Laffite idazleak egingo du, pastoralen sortzailea ere badena. Txillardegiren ekarpena eta idatzi duen Txillardegiri buruzko pastorala izango ditu hizpide, besteak beste.