«Etorkinek hiri honetan duten balioa eta garrantzia aitortzen du»
San Sebastian bezperan, hilaren 19an, Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du Mestiza elkarteak. 2008. urtetik kulturarteko harremanak sustatzen dihardute.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasotzeak zer esan nahi du zuentzat?
Zoragarria da niretzat, bidean jasotako guztia itzultzen saiatzen naizelako Mestiza elkartearekin. Egindako esfortzua eta konpromisoa sarituko digute. Alkatearen deia jasotzean, harrituta geratu nintzen, espero ez genuelako. Bestalde, ohore bat da gure elkartearentzat, sortu genuenon eta boluntarioen lana aitortzen duelako. Are gehiago, etorkinek hiri honetan duten balioa eta garrantzia aitortzen du.
Zure/zuen alorretik zein da hiriari egindako ekarpena?
Gure lana kulturaren bidez transmititzen dugu, eta kultur jarduerak antolatzen ditugu. Batez ere, espazio publikoetan. Hiriko haurrentzako hamaika liburutegitan jorratzen ditugu hainbat jarduera, eta Liburu Baby Kluba da ezagunena. Kultura, irakurketa, artea eta jolas ludikoa lotzea du helburu. Proiektu multikulturala da, gizartearen kohesioa sustatzen duena.
San Sebastian bezpera eta eguna nola biziko duzue?
Bakarra da munduan, abestiak dioen moduan. Soilik Donostian bizi den festa da. Kanpotar gisa, oso deigarria iruditzen zait San Sebastian eguna. Hiritarrek modu oso berezian bizitzen dute, eta oso berezia da. Guk ere etxean danborra jotzen dugu, eta haur danborrada ikustera joaten gara. Gainera, San Sebastian egunean bazkari berezi bat egiten dugu. Bestalde, inoizko bereziena izango da niretzat, udaletxean izango naizelako festaren parte gisa.