LGTBI kolektiboaren kontrako eraso eta gertaerak biltzeko laguntza eskatu du udalak
Donostiako Udalaren enkarguz, LGTBI+ pertsonen aurkako gertaerei, erasoei, indarkeriei, diskriminazioei eta gorroto delituei buruzko hirugarren txostena egiten ari da Sorginlore elkartea, eta herritarren parte hartzea eskatu dute.
Helburua da hirian gertatzen diren egoera LGTBI-fobikoak islatzen dituen erregistro batekin jarraitzea, “bai espazio publikoan, bai erakunde publikoetan eta eremu pribatuan”. Txostenaren arduraduna den Zaira Garciak azaldu duenez, beste helburuetako bat da “larritasunaz ohartuko gaituen informazioa izatea eta 2021-2023ko datuekin alderatzea, joera posibleak behatzeko”.
Beraz, herritarrei dei egin diete gertakarien bilketan laguntza eskatzeko, eta horretarako ondorengo helbidea jarri dute: kaixo@sorginlore.eus. Datuen eta informazioaren tratamendua konfidentziala izango dela jakinarazi dute.
Iaz egindako txostenean jasotzen denez, 2023an 15 intzidentzia izan ziren, 2022an 18, eta 2021ean, berriz, 19. Homofobia izan zen oraindik ere kausarik hedatuena, zortzi, hau da, %53,3an, aurreko urteetan baino %20 gutxiago. Ondoren, transfobia agertzen da: 4 kasu (%26,6) eta LGTBI+fobia (3).