Club Vasco de Camping elkarteak jasoko du San Sebastian eguneko bandera
Udalak 75 urte bete dituen mendi elkartea omentzea erabaki du. Elkartearen sorrera zaila izan zen. Batetik, agintari frankistentzat mendizaletasuna ez zelako jarduera oso fidagarria, eta bestetik, Espainiako Mendizale Federazioak oztopoak jarri zituelako. Oztopoak oztopo, 1950eko maiatzaren 20an irabazi asmorik gabeko elkartea inauguratu zuten, San Martzial kaleko 19an zegoen soto batean. Egungo egoitza, berriz, Erdialdeko Prim kalearen 35. zenbakian dago, San Jose ikastetxearen alboan.
Hasierako urteetan, mendizaletasuna eta eskia bultzatu zituen, batez ere. Gaur egun, hamaika sail ditu: autokarabana, mendi lasterketak, eskalada, iraupen eskia, mendiko eskia, ingurumena, mendia, mendiko bizikleta, xendazaletasuna, Nordic Walking eta Altitoy. Horrekin batera, adin guztietako herritarrentzako jarduerak antolatzen ditu, ia 4.000 bazkide ditu, eta mendi, eski, kanpin eta caravaning federazioetan bazkide izateko aukera eskaintzen du.
Udala 2020an hasi zen San Sebastian egunean Plaza Berriko udaletxe zaharreko balkoian zintzilik egoten den bandera hiriko eragile bati ematen, omenaldi edo aitortza gisa. Horrela, 2020an Union Artesanak jaso zuen bandera, bere 150. urteurrenarengatik; 2021ean, Osakidetzari eman zioten pandemian egindako lanarengatik; 2022an, ez zen jairik ospatu; 2023an, Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteari eman zioten bandera, bere mendeurrenarengatik; eta, 2024an, Loiolatarra elkarteak jaso zuen, iaz 100 urte bete zituztelako.