Txuri Urdineko neskak lidergoaren bila doaz

Urteko lehen partida jokatuko dute Txuri Urdineko neskek bihar, Valdemororen izotz pistan (20:30). Lehiara bueltan, lidergoa izango dute helburu. Hiru puntura dute Majadahonda, sasoi honetan arerio gogorrena donostiarrentzat. Aldiz, beheko postuetan dago Valdemoro, eta, ondo bidean, garaipena eskuratzeko moduan daude. Bestalde, Txuri Urdineko mutilak Jaca indartsuaren izotz pistan ariko dira, bihar, 21:30ean.
Eskubaloian, Europa Ligako multzoen faseko bigarren partida jokatuko du Bera Berak, bihar, Alemanian (16:00). Gaskan lehen jardunaldiko neurketa irabazita, bigarrena nahi dute donostiarrek. HSG Bensheim/Auerbach Flames izango dute aurrez aurre, Alemaniako hiri txiki bateko eskubaloi taldea. Nolanahi ere, arerio gogorra izango da.
Garrantzitsua zen Europako Liga garaipen hastea, eta baita lortu ere. Bera Berak bide onetik hasi du Europako ibilbidea, multzoen faseko lehen partida irabazita. Larunbatean Paris 92 hartu zuten mendean Gaska kiroldegian (33-28), bigarren zati borobil bati esker. Arerioak estu hartu zuen Donostiako taldea, eta neurketako pasarte askotan aurretik izan ziren. Esaterako, atsedenaldira 12-13 iritsi ziren. Ordea, Bera Berak markagailua irauli zuen joko eraginkorrari eta bikainari esker.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek agur esan berri dio Europari. Orain, ligari behar duen prestaketa eta tartea eskaintzeko modua izango dute. Zaragoza taldeari irabazi ondoren, Estudiantesen pistan jokatuko dute bihar (19:30), eta bigarren garaipena jarraian lortu nahi dute. Aldiz, Gipuzkoa Basketek arerio bera, Estudiantes, hartuko du Illunben, gaur iluntzean.
Futbolean, Realeko neskek Manuela Vanegasen hutsuneari aurre egin beharko diote. Eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi du. Etzi dute ligako partida Zubietan, eta Espanyolen bisita izango dute (12:00). Valentziaren aurka lorturiko hiru puntu onei segida emateko moduan daude. Realeko mutilek, berriz, hirugarren partida jokatuko dute hamar eguneko tartean. Vila-reali ligan irabazi, eta Rayo Vallecano kopan kanporatu ostean, ligako neurketa izango dute etzi. Valentziaren kontra ariko dira Mestallan, 21:00etan. Beraz, San Sebastian bezpera urrun ospatu beharko dute, eta aukeran beste garaipen batekin. Ikusteko dagoena da Realak Valentziari utzi dion Sadiq aurrelariak jokatuko duen ala ez.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Txuri Urdin – Valdemoro (bihar, larunbata, 20:30)
Gizonezkoen iberiar liga, 17. jardunaldia
- Jaca – Txuri Urdin (bihar, larunbata, 21:30)
Eskubaloia
Eskubaloia
Europa Ligako multzoen fasea, 2. jardunaldia
- HSG Bensheim/Auerbach Flames – Bera Bera (bihar, larunbata, 16:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Estudiantes – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 19:30)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 17. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Estudiantes (gaur, ostirala, 20:30)
Futbola
Emakumezkoen liga, 15. jardunaldia
- Reala – Espanyol (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
- Valentzia – Reala (etzi, igandea, 21:00)