Segurtasunaren izenean
Reala Lazioren aurka ariko da gaur Erroman, 21:00etan. Irabaziz gero, Europa ligako final-zortzirenetara sailkatzeko urratsa egingo lukete.
Istiluek eta zaurituek iluntzen dute futbola, inguratzen duen negozio izaerak bezainbeste edo gehiago. Realeko eta Lazioko zaleen arteko borrokak giroa gaiztotu badu ere, Erromako Olinpiar Estadioan baimenduriko armak baliatu beharko dituzte bi taldeek neurketa irabazteko, 21:00etatik aurrera.
Europa ligako lehen fasea bukatzeko bi jardunaldi falta dira. Beraz, gaur hiru puntuak lortzen dituenak final-zortzirenak gertuago izango ditu. Izan ere, final-hamaseirenetako kanporaketa saihestea dute helburu Realak eta Laziok. Une honetan, sailkapeneko lehen postuan daude italiarrak 16 punturekin, eta donostiarrak hamabigarren postuan daude 10 punturekin. Lehen zortzi sailkatuak zuzenean sailkatuko dira final-zortzirenetara.
Realarentzat ezinbestekoa da gaur irabaztea, baina ez da batere erraza izango. Europa ligako liderrak puntu gutxi barkatu ditu etxean —Ludogoretsen kontra hutsean berdindu zuen—, eta ez du neurketarik galdu. Laziok agerian utzi du talde sendoa eta lehiakorra dela. Jokalari garrantzitsuak ditu lerro bakoitzean, eta akats gutxi egiten dituzte. Realak, berriz, haren alde dauka Europako azken bi neurketak irabazi izana, Ajax eta Dinamo Kiev Anoetan mendean hartuta.
Hautatuak
Imanol Alguacil entrenatzaileak argi utzi du Europa liga garrantzitsua dela. Horrela, hasierako hamaikakoa gehien jokatu dutenekin osatuko duela aurreikusi daiteke. Remiro ariko da atean, eta atzeko lerroan lauko titularra: Aihen, Aguerd, Zubeldia eta Aramburu —bueltan da—. Aurretik, Zubimendi izango dute, eta erdiko lerroa osatzeko Brais eta Sucic aritu daitezke. Erasorako, berriz, Oiartzabal eta Kubo hasieratik ariko dira, ziurrenik. Haiekin batera ariko den hirugarren jokalaria Barrenetxea, Sergio Gomez edo Becker izango da.