Ane Gabarain izango da 'Gaua' filmeko protagonistetako bat
Paul Urkijo zuzendari gasteiztarra bere hirugarren pelikula filmatzen hasi da.
Lau emakume protagonista izango ditu Gaua filmak, eta horietako bat da Ane Gabarain aktore donostiarra. Yune Nogueras, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira beste hiruak. Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren hirugarren film luzea da, eta duela gutxi hasi dute zazpi asteko filmaketa. Euskal Herriko hainbat lekutan ariko dira.
Aurreratu dutenez, euskal mitologia du oinarri pelikulak, eta “fantasiaren eta errealitate historikoaren” artekoa izango da. Urkijok XVII. mendeko Euskal Herrian girotu du istorioa, eta euskaraz ari dira filmatzen.
Aipaturiko aktoreez gain, Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute, besteak beste.
Hauxe da filmaren sinopsia: “Sorgin ehiza betean, Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista”.