Antigua-Luberriko danborrada berriarekin, «komunitatea indartua atera da»
Antigua-Luberriko danborrada izan da aurtengo San Sebastian egunean lehenengo aldiz kalera atera den zazpi danborradetako bat, eta balorazio ezin hobea egin dute danborradako kideek: “Jarritako helburuak aise bete dira: ikasleek beraien tokia eduki dute, eta sortutako giro ezin hobearen ondorioz Antigua-Luberriko komunitatea indartua atera da. Hurrengo urteetan ere, Antigua-Luberriko danborrada izango da, zalantzarik gabe”, azaldu diote hedabide honi.
Era berean, danborrada sortzearen ideia nondik etorri zen azaldu dute: “Helduen danborradan ateratzen diren zenbait guraso konturatu ziren, Antigua-Luberriko ikasle asko joaten zirela beraien danborradak ikustera. Sumatu zuten inbidiatan zeudela, danborradan parte hartzeko gogoa zutela. Adin horretako gazteentzako ez dago ia eskaintzarik. Guraso eta irakasle batzuek ikasleen danborrada bat sortzea proposatu zieten zuzendaritzari eta guraso elkarteari. Alde batetik, ikasleen parte hartze gosea ase zitekeela pentsatu zen; eta bestetik, ikastetxeko komunitatea batzeko aukera izan zitekeen”.
“Ia urtebeteko lanketa” egin zuten danborrada sortzeko, baina, azkenean, lortu zuten: “Aurten Antigua-Luberriko ikasleak Sarriegiren doinuak jotzen ibili dira auzoan zehar. DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasleek parte hartu dute danborrekin eta upelekin. DBHko lehenengo mailakoak, aldiz, gastadore gisa ibili dira. Aipatzeko beste gauza bat zera izan da: txaranga ikasle ohiekin osatu dela. Gazte hauek sekulako lana egin dute doinuak ikasten eta entseatzen”.
“Aurreneko urtea izanda, noski, ez zuten behar zen material guztia ezta dena erosteko dirurik ere. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Jakintzako gurasoen danborradari eta Istingorra danborradari upelak eta danborrak uzteagatik”, gaineratu dute.
Jarraian, Antigua-Luberri danborradaren historiako lehenengo desfilearen irudi bilduma ikus dezakezue eta auzoz auzoko argazkiak hemen: