«Polizia etxean salaketa jartzea da jokabide desegoki baten susmoak jakinarazteko bide egokia»
Udaltzaingoko kide baten ustezko sexu jazarpena dela eta, Donostiako Udal Gobernuak adierazpen bat plazaratu du.
Udaltzaingoaren barruan izandako sexu jazarpen akusazioak ikertzeko eskatu dute Donostiako Udaleko Langile Batzordeko kide diren sindikatuek. Horren aurrean, Donostiako Udal Gobernuak hiru puntuko adierazpen bat plazaratu du.
Udal gobernuaren arabera, Udaltzaingoak ez du bere langile taldeko kideren baten kontrako salaketarik jaso. Bestalde, Udalak Berdintasun, Jazarpen eta Bizikidetza protokoloak dituela nabarmendu dute: “Protokolo horiek aukera ematen dute modu seguruan barne salaketa egiteko lan arloan ematen den edozein egoerari buruz. Sindikatuek protokolo eta salaketa bide hauek ezagutzen dituzte, eta horien bidez ere ez da salaketarik jaso”. Horrekin batera, langile batzordeko sindikatuek zabaldurikoa kritikatu dute: “Salaketak egiteko barne kanal hauek edozein langileren eskura daude, beraz, anonimotasuna bermatzen ez duten kanal berriak irekitzeko sindikatuen eskaerak ez du ez hanka ez buru”.
Horrez gain, udal gobernuak “polizia etxean salaketa jartzea” dela “jokabide desegoki baten susmoak” jakinarazteko “bide egokia”. Gaineratu dutenez, “sare sozialetan agertutako mezu anonimoak edo sindikatuen komunikatuak ez dira salagarriak diren ustezko gertaerak argitzeko ekintzak edo ikerketak hasteko bide egokiak”.