Andrea Astudillok Donostia Arraun Lagunak-eko patroi izateari utzi dio
Klubak ez du aferaren inguruko adierazpenik egingo.

Bederatzi urteren ondoren, Andrea Astudillo dagoeneko ez da Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria. Albistearen berri emateko, EITBrekin hitz egin du Astudillok, eta nabarmendu du klubetik “bota” egin dutela. Gertatu denaren inguruko arrazoiak publikoki adierazi nahi izan ditu hedabide publikoaren bidez.
“Presidenteak [Euskotren] ligako liderraren maillota eskatu zidaten babesleentzako. Nik, ordea, ezezkoa eman nien, niretzat balio sentimentala duelako. Historia egin dugu pasa den ligan, bandera guztiak irabazita”, azaldu du Astudillok. Hain zuzen ere, maillot hori ez emateagatik kanporatu dutela nabarmendu du patroi ohiak.
Horrekin batera, Astudillok esan du Donostia Arraun Lagunak-ek ez diola ordaindu Kontxako Bandera irabazteagatik eta Adegi sariarengatik zegokion dirua: “Nire taldekide guztiei dirua eman zieten, eta niri ez. Arazoaren konponbide bakarra zen maillota ematea”. Azken asteetan, klubaren eta arraunlariaren arteko harremana hoztu egin da, eta komunikazio guztia idatzizkoa izan dela esan du Astudillok.
“Momentu gogorra”
EITBri egindako adierazpenetan, Astudillo erdi negarrez ageri da, eta harentzat “momentu gogorra” izaten ari dela adierazi du: “Bederatzi urte izan dira, eta orain amorruarekin eta penarekin nago”. Era berean, arraunlariak dio EITBrengana ez duela jo “pena emateko”, gertatu dena “jakin behar delako” baizik.
Donostia Arraun Lagunak-ek gertatu denaren inguruko adierazpenik ez egitea erabaki du.