Balentria gertu izan dute
Realak berriz ere amore eman du Real Madrilen kontra, kopako kanporaketaren luzapena jokatu arren (3-1).

Hirugarrenean ere ez da posible izan, eta Reala Espainiako Kopatik at geratu da. Real Madrilek luzapenean irabazi zuen atzo, final-laurdenetako partida erabakigarria (3-1). Beraz, madrildarrak gainditu ezinda jarraitzen dute txuri-urdinek. Hiru bider aritu dira elkarren aurka sasoi honetan, eta hiruetan galdu dute: Superkopan (3-2), ligan (1-4) eta kopan.
Aurreikuspenak bete ziren arren, Reala balentriaren bila atera zen zelaira. Lehen minutuetan sendo aritu ziren, lerroak egonkortu, eta Real Madrili ez zioten bere jokoa egiten utzi. Horrela ere, aukerak sortu zituzten etxekoek, baina atzelariak eta Lete atezaina adi ibili ziren. Tamalez, Weirrek asmatu zuen, madrildarrak markagailuan aurreratzeko. Zorionez, lehen zatiaren luzapenean Amaiur Sarriegi donostiarrak berdindu zuen neurketa, zartako eder baten bitartez.
Bigarren zatian, Realak ez zion erraztasunik eman Real Madrili, eta bigarren gola egiteko abagune garbiak izan arren, ez zuten lortu Lete gainditzea. Ondorioz, luzapena jokatu behar izan zuten bi taldeek. Orduan okertu ziren gauzak. Madrildarrek bi gol egin zituzten, eta, hala, kanporaketa erabakita utzi.
Kopako abentura bukatuta, ligan goiko postuetan jarraitzea da txuri-urdinei geratzen zaiena. Horretarako, Athletici irabazi beharko diote etzi, San Mamesen.