Zinegotzi kargua hartu du Sandra Barrenetxeak

Aurreikusita zegoen moduan, EH Bilduko Sandra Barrenetxeak Donostiako Udaleko zinegotzi kargua hartu du gaur (hilak 27), otsaileko udalbatzarrean. Olaia Duartek utzitako lekua hartu du Barrenetxeak, Duartek kargua utzi ostean, Espainiako Senatuan bere jardunarekin jarraitzeko. 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, EH Bilduren zerrendako bederatzigarren postuan aurkeztu zen Barrenetxea, eta zortzi eserleku lortu zituenez koalizioak, udalbatzatik kanpo gelditu zen.
Bilbon 1975ean jaioa, Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna da Barrenetxea, eta Berdintasun eta Politika Publikoetan berezitutako prestakuntza zabala du. Ibilbide profesionalari dagokionez, hamarkada bat baino gehiago darama udal eta foru mailan berdintasun teknikari gisa lanean, baita gizarte eta sindikatu arloko ikerlari eta aholkulari moduan.
PPren salaketak
Joan den astean, Gipuzkoako PPk kritikatu egin zuen Barrenetxearen izendapena, Ekin erakundearekin lotura zuelakoan zigortua izan zelako —Barrenetxeak torturak salatu zituen eta guardia zibil auzipetuak absolbituak izan ziren—.
Gaurkoan, PPko hiru zinegotzietako bik, Jorge Motak eta Vanesa Velezek, udal batzar aretoa utzi dute Barrenetxea kargua hartzera zihoanean, izendapena “terrorismoaren biktimak eta askatasuna eta demokrazia defendatzen duten pertsonak probokatzea eta iraintzea” iritzita, Motaren hitzetan. Ondoren, Borja Corominas bozeramaileak hitza hartu nahi izan du, nahiz eta, udal arauek dioten moduan, ez zuen halakorik proposatu bozeramaileen batzordean. Horregatik, arauak betez, Eneko Goia alkateak ez dio hitza eman.