Ausardia eta aliantzen beharra, aldarri
Eraso faxisten eta jarrera erreakzionarioen garaian, feminismoak halakoei aurre egiteko duen balioa erreibindikatuko du Donostiako Asanblada Feministak. Ez da bihar Antiguako tuneletik 12:30ean abiatuko den manifestazioan oihukatuko duten eskaera bakarra izango, lorpenak lorpen, egiteko asko baitago.

Jarrera erreakzionarioak, transfoboak, arrazistak, gorroto diskurtsoak, feminismoaren kontrakotasun esplizitua… Faxismoaren adierazpenen gorakadaren aurrean, mugimendu feministaren eta feminismoaren beharra berretsiko du Donostiako Asanblada Feministak Martxoaren 8an. Hain zuzen ere, horren isla da bihar 12:30ean Antiguako tuneletik abiatuko den manifestaziorako aukeratu duten leloa: Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak.
Donostiako Asanblada Feministako kide Elene Lopetegik (Gros, 1995) azaldu du feminismoaren «balioa eta garrantzia» aldarrikatuko dutela bi ideia nabarmentzeko: batetik, mugimendu feminista osatzen duten talde, eragile eta norbanakoen arteko aliantzen garrantzia, «gutxieneko komun batzuen barruan elkartzea, gero eta indar gehiago batzeko»; eta bestetik, «politikoki feminismoaren alde posizionatzeko ausardia». Egungo testuinguruan eraso faxistei erantzuteko sortuko diren espazioak feministak izatea dute xede, orain arte antifaxismoak izan duen «iruditegi konkretua» gaindituta.
Faxismoa «marko zabal bat» da eta bere zenbait adierazpen, ez hain agerikoak. Lopetegik ohartarazi du, gainera, jarrera erreakzionario horiek ez datozela soilik kanpotik, ezkerreko mugimenduetan ere badirela. Horren adibide jarri du normalizatzen ari direla zenbait diskurtso arrazista. «Donostian argi eta garbi ikusi dugu Kaleko Afari Solidarioekin. Segurtasunaren izenean zer diskurtso zabaltzen diren, gorroto eta arrazakeria hori. Faxismoa hedatu egin da, eta ezkerreko mugimenduetan ere badaude». Faxisten jomugan subjektu eta gorputz zehatz batzuk daudenez, ikuspegi intersekzionalean sakontzen jarraitzen dute feministek, baita barrura begirako gogoetan ere, Euskal Herriko mugimendua nagusiki zuria den heinean, norberaren pribilegio eta ardurak berrikusi eta aliantzak josten ahalegintzeko.
Egunerokora ekarri
«Bide luzea» egiteko badu ere, mugimendu feministak urrats esanguratsuak egin ditu: «Duela hogei urte utopiatzat genituen gauzak lortu ditugu. Erasoen sozializazioa, protokoloak, udal batzuek dituzten baliabideak…». Erdietsitakoak, ordea, kontrako erantzunak ere eragin ditu. Azken boladan, gazteengan fokua jarri, eta zenbait kezka azaleratu dira; baina Lopetegi baikorra da eta ahalduntzearen ondoriotzat hartu nahi du. «Marra gorriak argiagoak dira eta gizonezkoak azkarrago konturatzen dira beren pribilegioak utzi beharko dituztela, dena ez dela libre. Horren kontrako oldartze gisa joko nuke».
Edonola, nahiz eta mugimenduak indarra hartu duen, egoera ez da dirudien bezainbeste hobetu: «desberdinkeria mantentzen da, arrakalak gero eta sakonagoak dira, migrazio politikak lotsagarriak…». Horiekin amaitzeaz gain, erronka dute ere Martxoaren 8ko hitzorduaz harago doan parte hartzea sustatzea. «Mugimendu feministan asmatu behar dugu modua feminismoa ez dadin izan soilik azaleko gauza bat eta urtean behin kalera ateratzeko egun bat; baizik eta egunerokoan norberak bere esparrutik egin dezakeen borroka bat».
Beste eskaera batzuk
Bilgune Feministak testuinguruaren gaineko irakurketarekin bat egiten badu ere, ohiko legez, eskaera propioak ere baditu. Hala, Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa hautatu dute, nabarmentzeko euskal feminismoak ematen dizkiela datorrenari aurre egiteko tresnak, testuinguruaren gaineko analisiak egiteko teoriak eta ideologia borrokatzeko oinarriak. Horiek dira «herri independente eta feminista» eraikitzeko dituzten heldulekuak.
Itaiak, berriz, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara mobilizazioa deitu du Bulebarrean, 18:00etan. Egunaren zentzu iraultzailea «berreskuratu», eta, besteak beste, enpresa handiek, erakundeek eta alderdi politikoek «aurpegi zuriketarako» baliatzen dutela salatuko dute. «Matxismoaren aurkako borroka kalean erakusteko eguna» dela diote, ideia erreakzionario eta faxistei aurre egiteko «diskurtso argiak» planteatu eta emakume langileen zapalkuntza amaituko duen proposamena hauspotzeko.