Zmareri ezarritako isuna kudeatzailearen esku utzi du udalak
Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki dio Donostiako Udalari, Zurriola pasealekuko jatetxeak erabiltzeko baldintzak «ez betetzeagatik». 584.337 eurokoa da jarritako zigorra.

Zurriola Ocean Center aldi baterako enpresa elkarteak kudeatzen du Zmare jatetxea. Donostiako Udalak 2023an adjudikatu zion enpresa elkarte horri establezimendua birgaitu eta ustiatzeko lizentzia. Azkenik, 2024ko uztailean ireki zuten Zmare jatetxea —2016tik itxita zeraman hondartzako lokalak—. Zortzi hilabete beranduago, Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki dio Donostiako Udalari, Zmarek erabilerari dagozkion bederatzi arau urratu dituelako. Esaterako, onartutakoak baino bezero gehiago hartzea. Hori dela eta, 584.337 euroko isuna jarri diote jatetxeari.
Horren inguruan galdeginda, Eneko Goia alkateak asteartean adierazi zuen Zmareko aferaren erantzukizuna kudeatzailearena dela: «Emakida Kostalde zuzendaritzak udalari egindakoa da, baina lehiaketa bidez adjudikatu zen, eta kudeatzaile bat du. Beraz, Kostaldeko zuzendaritzak igorritako espedienteak jasotzen dituen ez betetzeak emakida horri dagozkio». Udalak kudeatzaileari jakinarazi dio ez dituela ezarritako baldintzak betetzen. «Hemendik aurrera, alegazio fase batean sartuko gara. Kudeatzaileak esan beharko du horrela den ala ez, eta guri dagokigu kudeatzaileari exijitzea baldintzak betetzeko. Hori egiten ez badu, isuna berak ordaindu beharko du».
Arau hausteak
Goiko solairua eta kanpoko terraza soilik ostalaritzarako erabili izana da isunaren muina. Izan ere, espazio hori «prestakuntza ikastaroentzako» erabiliko zela agindu zuten, bai eta itsasoari lotutako beste jarduera batzuk ere. Onartutakoak baino bezero gehiago hartzeagatik, lortutako onura osoa itzultzeko eskatu du Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak. Haien kalkuluen arabera, onura 584.337 eurokoa da. Beste arau hauste batzuk dira komunen izaera publikoa adierazten duen kartelik ez egotea, sotoan kirol erabilerarako materialak pilatzea eta sotoko eremuan aldagelak ixtea.