Beharraren eta premiaren artekoa
Realak eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute gaur, Mendizorrotzan (21:30).

Atzerako kontaketa martxan jarri zenetik, Realak puntuak pilatzeko beharra eta premia dauka. Batez ere, Europara itzuli nahi badu. Manchesterren bizitakoak utzitako zapore mingotsari buelta eman nahi dio talde txuri-urdinak. Horretarako, sei partida falta dira, eta hemezortzi puntu daude jokoan.
Etxetik kanpo bigarren partida jarraian jokatuko du Realak, Vila-realen zelaian berdindu ostean (2-2). Gaur, ordea, Alavesen kontrako euskal derbia jokatuko dute donostiarrek, 21:30ean. Hau da, asteko lehen derbia, bigarren asteburuan dutelako Athleticen aurka, Anoetan. Etxekoari begiratu baino lehen, Mendizorrotzakoari erreparatu behar diote garaipena eskuratzeko. Izan ere, oso garrantzitsua da hiru puntuak lortzea Europara sailkatzeko helburua bizirik mantentzeko. Txuri-urdinak bederatzigarren postuan daude, 42 punturekin, eta gertu daude goikoak, baina gertuago behean daudenak.
Realaren deialdiak bi nobedade esanguratsu ditu: Barrenetxea eta Oskarsson. Biak ez dira erabat osatu, baina minutu batzuk jokatzeko moduan izango dira. Hirugarren itzulera bat ere nabarmendu behar da, Zubimendirena. Zigorra beteta, hasierako hamaikakoan espero da. Harekin batera, Remiro atezaina eta erdiko bi atzelariak ere aurreikusten dira: Jon Martin eta Aritz Elustondo. Hegaletan, berriz, Aramburu eta Aihen kokatu ditzake Imanol Alguacil entrenatzaileak. Erdiko lerrora Brais Mendez itzul daiteke, Pablo Marinekin eta Zubimendirekin batera jokatzeko. Azkenik, erasorako Oiartzabal kapitaina eta golegilea titular gisa ez aritzea ezustekoa litzateke. Kubo eta Sergio Gomez izango ditu alboetan, okerrik ezean. Harrobiko jokalariei dagokienez, entrenatzaileak Mariezkurrena, Beitia eta Fraga sartu ditu deialdian. Batez ere, lehenak izan ditzake minutuak.
Falta diren sei neurketetatik lehena da gaurkoa, irabaziz gero atzerako kontaketa arindu dezakeena.