Abian da 36. Gazte Antzerki Topaketa
Maiatzaren 14tik ekainaren 13ra ikusi ahal izango diren hemeretzi antzezlanen sarrerak bihar jarriko dituzte salgai.

Donostiako Udalak 36. Gazte Antzerki Topaketa aurkeztu du Antzoki Zaharrean. Maiatzaren 14tik ekainaren 13ra arte izango da, eta hiriko hainbat txokotan hemeretzi antzezlan ikusi ahal izango dira. Egitaraua hemen ikus dezakezue. Donostia Gazteriak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolaturiko topaketa da, eta gazteen artean antzerkia sustatzea du helburu.
Donostiarrak dira parte hartuko duten talde gehienak, baina badira inguruko herri eta hirietakoak ere. Hala nola, Errenteria, Oiartzun, Arrasate eta Bilbo. Adinaren arabera bi kategoria desberdin daude. Gazte maila 14-18 urte artekoa da, eta, guztira, hamabi taldek parte hartuko dute. Senior maila, berriz, 18-30 urte tartekoa da, eta zazpi taldek parte hartuko dute. Hizkuntzari dagokionez, hamabi antzezlan euskarazkoak dira, bost gaztelaniazkoak eta bi elebitan.
Hemeretzi antzezlanak hiriko sei agertokitan taularatuko dira: Antzoki Zaharra, Viktoria Eugenia Kluba, Gazteszena (Egia Kultur Etxea), Intxaurrondo Kultur Etxea, Lugaritz Kultur Etxea (Antigua) eta Bidebietako Kontadores. Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute, eta bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean, eta aipaturiko kultur guneetako leihatiletan.
Sariak eta epaimahaia
Gazte Antzerki Topaketaren epaimahaia hiru aktore gazte hauek osatuko dute: Kimetz Etxabe, Irati Muñoz eta Eider Villalba. Epaimahaikide hauen esku izango da Viktoria Eugenia Klubeko amaiera ekitaldian banatuko diren sariak erabakitzea.
Kategoria bakoitzean, sari hauek banatuko dituzte: obra onenari (berriro antzezteko aukera eta bi antzerki emanalditara joateko sarrerak), talde artistiko onenari (bi antzerki emanalditara joateko sarrerak) eta taularatze onenari (bi antzerki emanalditara joateko sarrerak). Sari osagarri moduan, irabazle guztiek formakuntza jasoko dute, profesional talde batek eskainia.
Sari horiez gainera, talde guztiek jasoko dute ekarpen ekonomiko bat, materiala erosteko, ekipo osagarriak alokatzeko edo bestelako gastuak ordaindu ahal izateko.
Bestalde, antzezlan guztiak bideoz grabatuko ditu Sergio Haro-k (Sergio Haro Films), eta talde bakoitzari haren antzezlanaren bideoaren kopia bat emango zaio. Talde bakoitzak bere obraren kartela ere izango du, taldearen lana sustatzeko baliagarria izan daitekeena.