Asgarth eta Boikot taldeek joko dute Herrerako jaietan, besteak beste

Donostiako udako jaien denboraldia hastear da, eta, hain zuzen ere, dagoeneko iragarri dituzte Herrerako jaietako kontzertuak. Hiriko udako lehenengoetariko jaiak dira Herrerakoak, eta, askorentzat, udari hasiera derrigorrezko zita dira.
Ekainaren 13an (ostirala), Asgarth heavy metal talde donostiarrak, Boikot punk talde madrildarrak eta Herenegun ska, reggae eta rock talde donostiarrak joko dute plazan, 22:00etan hasita. Hurrengo egunean, ekainaren 14an (larunbata), Elektrobuiaka talde herretarrak eta Gabezin erromeria talde nafarrak joko dute, 22:00etan hasita. Azkenik, hurrengo asteburuko larunbatean (ekainak 21), Andoni Ollokiegi pasaitarrak eta Itzal erromeria taldeak joko dute, horiek ere 22:00etan hasita.
Jai batzordeak oraindik ez du egitarau osoaren berri eman, kontzertuen aurrerapena baino ez. Hala ere, ziur Luisito eta Luisita prest daudela auzoa beste urte batez jai giroan murgiltzeko.