Hainbat zuhaitz kenduko dituzte gaur Ulian, Bidebietan eta Tolosa hiribidean
Goizeko lehen ordutik ari dira lanean eta ibilgailuen joan-etorriko errei bat moztuko dute jarduten duten tokietan.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako sailak hainbat lan antolatu ditu gaur hiriko hainbat puntutan zuhaitzak kentzeko. Bidebietan, hiru ale moztuko dituzte, zehazki, elizaren ondoan dagoen Ailanthus altissima bat, Los Olmos pasealekuko 3. zenbakian dagoen ezki bat eta Jose Elosegi Alkatearen etorbideko autobus-geltokiaren gainean dagoen lizar bat, Los Olmos pasealekuko 6. zenbakian. Kasu horietan, ordezte landaketak egingo dituzte. Ulian, aldiz, errepidearen gainean dagoen zuhaitz lehor bat kenduko dute ere, antzinako udal lorategien parean eta Jose Elosegi Alkatearen etorbideko 121. zenbakian dauden bi akazia.
Era berean, Tolosa hiribidean arriskutsutzat jotzen diren zenbait ezki kentzeko lanekin jarraituko dute. Hiru alde kenduko dituzte Tree Motion Sensor teknologiaren bidez usteldura basalaren eta erortzeko arriskuaren zantzuak atzeman ondoren. Aipatu teknologiak mugimendu zehatzak eta zuhaitzek etorkizunean 20 km/h-tik gorako haize boladen aurrean izango duten erantzuna aurreikusteko grafikoak detekta ditzake. Jada, hamar ezki kendu dira etorbide horretan suposatzen zuten arriskuagatik.
Lan horiek ibilgailuen trafikoari eragingo diote. Goizean goizetik eta zuhaitzak kentzen diren bitartean, zirkulazioaren errei bat itxi beharko da Tolosa hiribidean, Jose Elosegi Alkatearen hiribidean eta Ulia pasealekuan.
Mantentze lanetako eta Hiri Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak gogorarazi duenez, “Zuhaiztien Udal Zerbitzuak aldiro berrikusten ditu hirian dauden tamaina handiko zuhaitzak, batez ere arriskutsuak izan daitezkeenak eta jende asko biltzen den lekuetan kalteak eragin ditzaketenak, hala nola, haurrentzako jolasguneetan, ikastetxeetan, autobus-geltokietan edo oinezkoentzako pasealekuetan”. Ildo horretan, jakinarazi duenez, “dagozkion ikuskapenak egin ondoren, aipatutako zuhaitz horien egitura mekanikoan hiritarren segurtasuna arriskuan jartzen duten akatsak antzeman dira”.
Horrez gain, udalak aurreratu du laster Gipuzkoa plazan jardungo direla ere zuhaitzen adaburuak murriztuz eta bertan sostengu dinamikoak ezarriz, adarrak ez hausteko.