Hiriko altxor geologikoak begiztatzeko gida bat
Berak idatzitako hiri geologia gida aurkezteaz gain, Thierry Juteau geologoak hirian barrena bisita bat gidatuko du igandean.

“Begiratu zapaltzen duzuena” ohartarazpen eta gonbitaren arteko esaldi horrekin amaitu du Thierry Juteau geologo frantsesak berak idatzitako hiri geologia gidaren aurkezpena. Ondoan Ekologia eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcia zuela, hiria bertako altxor geologikoen bidez ezagutarazi nahi duen liburuaren berri eman du udaletxean.
Juteau Bresteko Unibertsitateko katedradun emeritua da eta Espainiako Elkarte Geografikoaren 2017ko Ikerketa Saria jaso zuen.Ozeano hondoetan, urpeko sumendietan eta bere jarduera hidrotermaletan espezializatuta dago. 2007an jubilatu zenetik Donostian bizi da, bere emaztearen jaioterria delako. Lanaren ideia 2013an sortu zitzaion Cristina Enea Fundazioak hiriaren aberastasun geologikoa erakusteko antolatutako ibilaldi batean parte hartu zuenean. “Beti gogoratuko dute Santa Katalina zubian egindako lehen geldialdiaz. Txema Hernandez geologoak zubiaren karela bustita koral fosilen arrezife bikain bat agerrarazi zuen gure begi sinesgogorren aurrean”, azaldu du. Ordutik, hiritik egin dituen eguneroko paseoetan zapaltzen duenari adi egon da. Hala, jakin du zein “arreta eta gusturekin” erabili den arroka naturalen aukera aparta hiriko kaleak, plazak eta espaloiak edertu eta dotoretzeko. “Fosiletan aberatsak dien harri sedimentarioak, arroka magmatikoak eta harri metamorfikoak, gure begiradaren aurrean hedatzen dira egitura eta kolore amaigabeko katalogo eder batean”. Gauza bera, eraikinetako fatxadetan edo erakusleihoen gainean jarritako arroka xafla apaingarriei dagokienean ere.
2019an frantsesez argitaratu zuen gida eta ibilaldiak antolatu zituen hizkuntza horretan. Poztu egiten zen turisten gogoa eta gustatzen zitzaiela ikusita. Hurrengo urratsa, beraz, donostiarrengana iristea izan zen. Junteuren esanez, zortea izan zuen Cristina Enea Fundazioko Txema Hernandez geologoa proiektuaren gogoberotu zen, eta itzulpenaz gain, bere oharrak eta bizipenak gehitu zizkion. “Nire ustez, frantsesezkoa baino osatuagoa da”, baieztatu du egileak.
Garciak laburbildu duenez, gida liburuak Donostiako kaleetan barrena ibilaldi harrigarri bat egitea proposatzen du, hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko, bai bertakoei bai bisitariei.”Donostiako kaleetan barrena ibilaldi didaktiko atsegin eta interesgarria proposatzen duen gida bat da, eraikinen fatxadetan, espaloietan edo plaza eta etorbide desberdinetako zoladuran harri apaingarri gisa erabiltzen diren harrizko material ugari aurkituz”. Hori horrela, dibulgazio zientifikoa, sentsibilizazioa eta ingurumen heziketa tresna da gida. “Zientzia, kultura eta gure lurra modu erraz, erakargarri eta publiko guztiarentzat erabilgarrian ezagut daitekeenaren adibide on bat. Gozatu paseoaz”, laburbildu du zinegotziak.
Altxor geologikoak
Aurkeztu duten argitalpenak, informazio eguneratua eta hobetua eskaintzen du. Interes geologikoko 30 kokaleku biltzen ditu, batez ere erdigunean, Parte Zaharrean, Kontxan, Antiguan, Egian eta Kursaalen daudenak. Guztiak edonor erraz iristeko modukoak dira, egileak erakutsi nahi baitu hiri geologia tresna ona dela diziplina hori herritarrei hurbiltzeko, hirietatik urrun dauden aztarnategi edo lekuetara joan beharrik gabe. “Hiritik atera gabe, paseoan, Geologia eta Minerologia ikastaro bat egin dezakete”, nabarmendu du egileak.
“Hiri geologia kontzeptuak kontraesana dirudi, geologia praktikatzeko ohiko lekua ingurune naturala baita, eta ez hiri-espazioak; baina gida honek erakusten du hiriek altor geologikoa gordetzen dutela leku egokira begira dauden pertsonentzat”. Hala, Konstituzio plaza, kaia eta portua, Santa Katalina zubia edo Artzain Onaren katedrala bezalako tokiek hainbat altxor geologiko eskaintzen dituzte eta gida honek argitara eman eta ezagutarazi nahi ditu. Bulebarrean, esaterako, arroka aniztasun handia dago eta nabari da edertzeko jarri dutela, Askatasuna hiribideko fatxadetan jatorri magmatikoko arroka ikusgarriak daude, distira urdinak dituztenak, kasu.
Euskal kultura, natura, zientzia eta artearekin zerikusia duten gaietan espezializatutako Baionako Édition Klika argitaletxeak argitaratu du gida. Liburu denda nagusietan salgai dago, eta laster, Donostia Turismoko bulegoetan ere, 12 euroan. Gaztelaniaz eskuragarri dago, eta laster, euskaraz ere.
Bisita gidatua, igandean
Gidaren argitalpenaren testuinguruan eta Espainiako Geologia Elkarteak hainbat tokitan antolatzen duen Geolodiarekin bat eginez, Juteauk berak gidatutako irteera bat programatu dute, gidan jasotako kokaleku nagusiak ezagutzeko. Garciak zehaztu duenez, “bisita gidatu bat da, hiriaren erdialdetik eta Parte Zaharretik, bitxikeria geologikoak aurkitzeko, atarietan, espaloietan eta zubietan ezkutatuta”. Ibilbidea 10:00etan hasiko dute eta bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea Cristina Enea Fundazioaren webgunean.