Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko mobilizazioa egingo dute ostegunean Donostian

BDZ Euskal Herriak mobilizazioa antolatu du hilaren 15ean Donostian, Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko. 19:00etan abiatuko da, Bulebarretik. “BDZ Euskal Herritik salatzen dugu Nakbaren hasieratik 77 urte igaro diren honetan, herri palestinarraren aurkako garbiketa etnikoa eta proiektu kolonial sionistak indarrean jarraitzen dutela. Gazan, Israelek su-etena hautsi ondoren, blokeoa mantentzen du lurretik eta airetik, biztanleria gosez hiltzen ari da eta zibilak hil ondoren hobi komunetan lurperatzen ditu. Zisjordania osoan, okupazioa, atxiloketak eta hilketak gero eta bortitzagoak dira, apartheid egoera batean eta nazioarteko komunitatearen isiltasunaren aurrean”, salatu dute.
Horrez gain, nabarmendu dute proiektu genozida hau gobernuen, alderdien, sindikatuen, erakundeen eta enpresa askoren “konplizitateagatik” mantentzen dela. “CAF, Metro Bilbao edota Carrefour bezalako enpresek zuzenean parte hartzen dute herri palestinarraren zapalketan eta espolioan. BDZtik argi dugu: BDS kanpaina (Boikot, Desinbertsio eta Zigor Kanpaina) tresna eraginkorra da Israelen apartheid erregimenaren aurka eta herri palestinarraren alde”, adierazi dute.
Hori dela eta, Donostian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat hiriburutan ere egingo dituzte mobilizazioak: gaur (hilak 13) Iruñean eta 15ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian, honako lelopean: Nakba ez da eten: Askatasuna Palestinarentzat!
Euskal Herritik, BDZak konpromisoa berretsi du Palestinako herriaren erresistentziarekin eta bere askatasunaren aldeko borrokarekin: “Ibaitik itsasora, Palestina askatu! Israel boikoteatu!”.