260.000 parte hartzaile izan zituen 188 kongresu antolatu ziren Donostian 2024an
Hiriak 188 ekitaldi estrategiko eta 259.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin itxi zuen 2024a. Era berean, 2025ean nanoteknologiari, biozientziei eta adimen artifizialari buruzko biltzar zientifikoak egingo dira, hiriak abangoardiako ikerketaren alde egiten duen apustua indartzeko.

Donostiak kongresu eta topaketa profesionalen kopuru markarekin itxi zuen 2024a: 188 ekitaldi profesional egin ziren , eta 259 000 parte-hartzaile baino gehiago egon ziren. Ekitaldiok garapen zientifiko, teknologiko eta soziala bezalako gaietan zentratuta zeuden, eta hori lotuta dago hiriak ezagutza eta berrikuntzarekin lotuta duen erreferente bihurtzeko estrategiarekin. Zifra horrek % 7,43ko igoera dakar 2023arekin alderatuta, eta marka berria ezartzen du. Datu horrek finkatzen du Donostia helmuga ezin hobea dela horrelako bilerak eta topaketak hartzeko.
Egindako ekitaldi profesional guztietatik, % 50 nazioartekoak izan dira, eta hainbat lekutan izan dira, hala nola Kursaalen (% 24), hiriko hainbat hoteletan (% 18), Miramar jauregian (% 13) edo unibertsitateetako campusetan (% 10). Ekitaldi horiek hiria nazioartean ezagutaraztea ekarri dute, ezagutzaren, berrikuntzaren eta kulturaren arteko topagune gisa.
MICE turismoa helburu
MICE (Meetings, Incentives, Conferences, Exhibitions) terminoak biltzarretan, bileretan, azoketan eta abarretan parte hartzeko asmoz arrazoi profesionalengatik egiten diren bidaiei egiten die erreferentzia. Segmentu espezializatua da, eta Donostia Turismoa duela 30 urte baino gehiagotik ari da horretan lanean, Convention Bureau sailaren bitartez. Helburua argia da: “Donostia nazioarteko erreferentziazko helmuga gisa kokatzea, hirirako eta herritarrentzat estrategikoak diren ekitaldi profesionalak hartzeko”.
Honela, hauek dira turismo espezializatuaren “erakartza eta sustapen aktiboan” turismo bulegoak egiten dituen ekintzak: Ekitaldi profesionalak erakartzea eta horiek hartzeko helmuga sustatzea; Tokiko sustatzaileekin lankidetzan aritzea, sektore estrategikoei lotutako ekitaldiak erakartzeko;Itun publiko-pribatuak sortzea, helmugaren lehiakortasuna hobetzeko; Erakundeek ekitaldi estrategikoei laguntza ematea eta ondarea sortzea, ekitaldi bakoitzak hirian eragin positiboa izango duela bermatuz; MICE turismoan espezializatutako azoketan eta tailerretan parte hartzea.
Zientziak, teknologiak, jasangarritasunak eta osasunak markatutako urtea
2024an, zientziarekin, teknologiarekin, jasangarritasunarekin eta osasunarekin lotutako kongresuak egin dira. Urtean zehar egindako ekitaldi profesionalen % 43 zientifikoa eta teknologikoa izan da. Horrek hiria “biltzar espezializatuetarako erreferente gisa” finkatu du, existitzen den ekosistema dela eta, bereziki bioteknologiaren sektorean.
Jasangarritasunak ere garrantzi handia izan du, ekonomia zirkularrari eta plastikoen moduko materialen eraldaketari eskainitako biltzarrekin. Berrikuntzak ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioan nola lagun dezakeen ere aztertu da.
Arlo zientifikoan, fisika kuantikoan, nanoteknologian eta mikro-fabrikazio aurreratuan espezializatutako foroak hartu ditu Donostiak, eta nazioarteko adituek ikerketa eta garapen teknologikoko azken aurrerapenak partekatu dituzte bertan.
Bestalde, osasunaren eremuak hainbat topaketatan arreta jarri du, eta adimen artifiziala eta digitalizazioa osasun-sistemak nola eraldatzen ari diren aztertu dira. Ikuspegi horrek apustu bikoitza islatzen du: alde batetik, hiriak sektore biosanitarioarekin duen konpromisoa eta, bestetik, erronka globalei heltzen dieten ekitaldiak erakartzeko duen gaitasuna.
Azkenik, gastronomiak leku pribilegiatua izaten jarraitu du kongresuen agendan, Donostia goi-sukaldaritzaren munduko epizentrotzat hartzen duten nazioarteko erreferentziazko ekitaldiekin.
2025, ildo beretik
2025 “funtsezko” urtea da Donostia biltzarretarako hiri gisa sendotzeko. Urtea indartsu hasi da, eta horrelako ekitaldietarako erabiltzen diren espazioek dagoeneko baieztapenak dituzte mota desberdinetako ekitaldietarako. Horrela, 2025ean, hiria nanoteknologia, biozientzia eta adimen artifizialeko biltzar zientifikoen lekuko izango da, DIPC, CIC nanoGUNE eta Polymat bezalako erreferentzia-zentroen eskutik antolatuak.