Konklabea egingo dute Morlansko jaietako herri bazkarian
Berritasunen artean, aurten ez da rock kontzerturik izango, eta horren ordez, erromeria antolatu dute, jai batzordeko kideen gustuei lehentasuna emanez. Aurtengo txupinazoa auzoko emakume helduek botako dute arratsaldean.

Morlansko jaiei gaur emango diete hasiera, eta asteburu osoan zehar, ez da aspertzeko tarterik izango auzoan. Askotariko jarduerak izango dituzte, baina nabarmentzekoa da gaur gaua La Fulana DJ-ak girotuko duela. Bestalde, Asier Aguilar (Morlans, 2004) jai batzordeko kideak azaldu duenez, bihar, rockaren ordez, erromeria antolatu dute auzoan. “Dirutza uzten genuen rock kontzertuetan, eta jai batzordeko inori ez zitzaizkigun kontzertu horiek gustatzen. Beraz, erromeria jartzea pentsatu dugu”, azaldu du Aguilarrek.
Ohiko moduan, faroltxoa piztuz eta txupinazoa botaz ekingo diete jaiei, eta aurten, auzoko emakume helduak arduratuko dira suziria botatzeaz. “Urtero, auzoari ekarpena egiten dion norbaitek botatzen du, eta aurtengoan, auzoko emakumeak izango dira arduradunak”, zehaztu du jai batzordekoak.
Konklabea, Morlansen
Aita Santu berria aukeratzeko prozesua amaitu bazen ere, Morlansen konklabearen edizio berezi bat egingo dute. Izan ere, 133 tiket saldu dituzte biharko herri bazkarirako —konklabeak parte hartzaile kopuru bera izan zuen—, eta umorea lagun, auzoko jaietan ere konklabea egitea erabaki dute. “Aita Santuarenaren itxurako txapeltxoak eskatu ditugu, eta iristen bazaizkigu, asmoa da guztiok txapel horiek jantzita bazkaltzea. Horrez gain, parrilladan Fumata zuria dioen kartela jarriko dugu, kea bertatik ateratzen delako. Ez gaude burutik ondo!”, esan du Aguilarrek, barrez.
Igandean amaituko dira jaiak, auzoko Aita Santuarekin edo gabe, baina behintzat, disfrutatu izanaren sentsazioarekin. Jai batzordeak komertzioen eta tabernen laguntza eskertu du, jaiak antolatzeko “funtsezkoak” baitira.
Egitaraua osorik, hemen.