Lehen aldi askorekin iritsiko da 86. Musika Hamabostaldia
Jordi Savall bere taldeekin, Parisko Operako Orkestra, 'West Side Story' musikala kontzertu bertsioan eta Guridiren 'Amaya' opera kontzertua dira aurtengo programazioko zita esanguratsuenetariko batzuk.

86. Musika Hamabostaldia “lehen aldi askorekin” egingo dute aurten, abuztuaren 1etik 29ra. Hala nabarmendu zuen astelehenean Patrick Alfayak, Donostiako eta penintsulako musika jaialdi zaharrenaren zuzendariak, Tabakaleran egin zuten aurkezpenean.
Orotara, 74 ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da edizio honetan zehar, eta ziklo guztiak mantenduko dituzte aurten ere. Donostian ez ezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko zenbait herritara ere zabaldu dute programazioa. “Aurkezpen honi izenburu bat jarri beharko banio, Lehen aldia deituko nioke, aurten hainbat gauzei bira bat eman diegulako, eta programa berriak izateaz gain, Hamabostaldian izan ez ditugun orkestrak eta artistak izango ditugulako”, azaldu zuen Alfayak.
74 ikuskizun jasotzen ditu aurtengo programazioak, eta publiko guztientzako zikloak barne hartzen ditu
Horrela, lehen aldiz izango da Valentziako Palau de les Artseko orkestra Musika Hamabostaldian, abuztuaren 4an. “Aspalditik gonbidatu nahi genituen, bikainak direlako, eta Espainiako orkestrarik gazteena da”, zehaztu zuen zuzendariak. Orkestra Donostiako Orfeoiarekin, Federica Lombardi sopranoarekin eta Will Thomas baxuarekin arituko da, eta baita Xabier Anduaga tenore donostiarrarekin ere. Rossiniren Stabat Mater interpretatuko du Anduagak kontzertu horretan.
Jordi Savall, Donostian eta Musika Hamabostaldian askotan egon izan dena, lehen aldiz etorriko da bere taldeekin abuztuaren 24an: Le Concert des Nations eta La Capella Nacional de Catalunyarekin. Walpurgisen lehen gaua eta Mendelssohnen 3. Sinfonia, Eskoziarra, interpretatuko dituzte Kursaalean, 100 musikari ingururekin.
Parisko Operaren Orkestra ere lehen aldiz izango da jaialdian, abuztuaren 27an, eta baita Leipzigeko Gewandhaus orkestra ere, abuztuaren 28an eta 29an. “Azken honek ilusio berezia egiten digu, ekartzea oso zaila den orkestra bat delako”, zehaztu zuen Alfayak.
Lehen aldiekin jarraituz, Rafaela Carrasco ere lehenengoz izango da Musika Hamabostaldian. Flamenkoa ekarriko du Viktoria Eugenia antzokira, Nocturna. Arquitectura del Insomnio lanaren eskutik (abuztuak 5). Carrasco koreografoa da, eta 2023an, Dantzako Sari Nazionala irabazi zuen. Alvaro Tato poeta eta antzerkigilearekin batera, pertsonek gauaren munduarekin duten harremana aztertzen du obrak, baita Urrezko Mendeko egileen inspirazio gaitasuna ere.
Rafaela Carrascok, 2023ko Dantzako Sari Nazionalak, flamenkoa ekarriko du Viktoria Eugenia antzokira
Obrei dagokienez, lehen aldiz interpretatuko dute Guridiren Amaya opera, kontzertu bertsioan (abuztuak 9). Diego Martin-Etxeberriaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra, Easo Abesbatza, Arantza Ezenarro, Gillen Mungia, Marife Nogales, Lucia Gomez, Juan Laboreria eta Jose Manuel Diaz arituko dira obra interpretatzen.
Bestalde, abuztuaren 20an, Bernsteinen lanik ezagunentzat eta gaur egun musikal nagusitzat jotzen den West Side Story izango da kontzertu bertsioan. “XX. mendearen erdialdeko New Yorkeko Romeo eta Julieta dira, nolabait”, adierazi zuten Musika Hamabostaldiaren antolatzaileek.
Ohikoa denez, ziklo espezializatuetan publikoak garai eta estilo guztietako errepertorioak hartzen dituzten proposamenak aurkituko ditu: ganbera eta antzina musika San Telmo museoan eta Donostiako Orfeoiaren egoitzan, dantza garaikidea Tabakaleran, organo musika Gipuzkoako organo erromantiko handietan eta familia osoarentzako proposamenak Haurren Hamabostaldian, besteak beste.
Sarreren salmenta
86. Musika Hamabostaldirako sarrerak asteazkenean jarri zituzten salgai. Jaialdiaren webgunean eta Kursaal nahiz Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eros daitezke.