Carlos Velak erretiroa hartu du

Realaren historia idatzi duen jokalarietako bat erretiratu da; Carlos Vela mexikarra. Talde txuri-urdinarekin 250 partida jokatu zituen, 73 gol egin eta 43 asistentzia eman zituen.
Atzo iluntzean eman zuen erabakiaren berri, Instagram sare sozialaren bidez: “Nire ibilbidean zehar une oso bereziak bizi izan ditut, baina futbol profesionaletik ofizialki erretiratzeko unea iritsi da. Ez dago hitz nahikorik nire familiagatik, aukera eman zidaten klub guztiengatik eta zaleei emandako babes eta maitasunagatik esker ona adierazteko. Mila esker”.
Reala da Velaren kirol ibilbideko talde garrantzitsuena, partida gehienak Donostiako klubarekin jokatu dituelako. Ordea, beste hainbat taldetan ibili zen aurretik eta ondoren. Hala nola, Guadalajara, Arsenal, Celta, Salamanca, Osasuna, West Bromwich Albion eta Los Angeles FC. Era berean, Mexikoko selekzioarekin aritu izan da hainbat txapelketetan.