Bretxako baserritarrak plazan mantentzearen aldeko sinadura bilketa egin dute

Donostiako Udalak Bretxako plazan dauden baserritarrak Arrandegi eraikin barrura lekualdatu nahi ditu. Erabaki horrekin ez daude erabat konforme baserritarrak, eta horrela adierazi dute. Haiekin bat eginez, hainbat bezerok sinadura bilketa bat egin dute baserritarren postuak plazan mantendu ditzaten. 527 dira bildu dituztenak, eta udaletxean erregistratu dituzte.
“Merkatu hori zero kilometroko eguneroko oparia izateaz gain, bizitza soziala elikatzen eta komunitatea integratzen duen errealitatea da, plaza publikoa zinez bizia bilakatuz. Berau biziratuen laguntzea baitezpadakoa da, hiritarren erronka eta udalaren erantzukizuna”, nabarmendu dute sinatzaileek. “Arrandegia eraikinean kokatzea, hainbeste kokapen aldaketa eta promesaren ondoren, lotsagarriak diren arrazoiz mozorrotutako iruzur zikoitza da, Donostiako paisaia fisiko, mental eta sozialean sakon txertaturik dagoen merkatuari azken kolpea ematea dateke. Beste urrats bat hiriaren despertsonalizazioaren bidean”, gaineratu dute.
Horrekin batera, eskaera bat luzatu diote udalari: “Bertan behera uztea Arrandegia eraikin barruan merkatua kokatzeko asmoa eta plazako kokapen bermatzea, inplikatutakoen benetako elkarrizketan oinarrituta”.