Jaiotzen hasi dira Parkea Bizirik elkartearen habia kutxetako aurtengo txitak

Parkea Bizirik elkarte naturazaleak 1990etik darama Donostian eta inguru udalerrietan hegaztientzako habia kutxak jartzen, eta aurten ere jarri ditu. Hain zuzen ere, elkarteak jakinarazi du aurtengo txitak jaiotzen hasi direla: “Hegazti intsektujaleak martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran goroldioa eta landare artilea eramaten hasi ziren; harrapari gautarrak aste batzuk lehenago hasi ziren”.
Habia kutxetako behaketetan, askotariko hegazti espezieak ikusi ahal izan dituztela azaldu dute, hala nola, urubiak, kaskabeltzak eta amilotxak. “Hegaztien txitaldia bukatzearekin batera, eta landaredi motaren arabera, habia kutxak bizileku, biltegi edo erditze berri bilakatzeko, muxar grisa ate joka aritu ohi da. Hortxe, ekainetik urrira ematen du. Egia esan, bai umatzeko, bai atseden hartzeko, bai lo egiteko edota eguraldi txarretik babesteko, gure inguruko basa faunak Parke Bizirik-en 33 habia kutxak urte osoan erabiltzen ditu”, gaineratu du elkarteak.
Era berean, Parkea Bizirik-en boluntario izatera animatu dituzte herritarrak: “Bideo laburrak editatzen eta zabaltzen lagun diezagukezu, ingurumenari buruzko komunikatuak dotore itzultzen edota komunikatuak Interneteko beste helbide batzuetara birbidaltzen”.