Erbesteratuta, norberaren baitan

UNA QUINTA PORTUGUESA
Zuzendaria: Avelina Prat · Urtea: 2025 · Herrialdea: Espainia
Landa eremua espazio seguru bilakatu dute espainiar zinemagile gazteek azken bolada honetan. Hirigunetik alde egin eta «lurrarekin, beren bizitza propioekin eta iraganarekin duten harremanaz hitz egin» nahi izan duten sortzaileen lanak ari dira karteldegiak betetzen —berriki estreinatu den Lo que queda de tí (Gala Graca, 2025) dugu adibiderik behinena—, eta ondorioz, joerak eskatzen du hausnarketa. Mundua are ulergaitzago, kaotikoago, estresagarriago (gehitu nahi dituzuen «-ago» guztiak) gertatzen ari den honetan, ihes egitea premiazko bihurtu zaigu, arnasa hartu eta abiadura moteltzea. Gugan pentsatzea, ongizate emozionalari eta osasun mentalari lehentasunez heltzea ez da batere ariketa erraza, eta askotan, behin muturrera iristean soilik ausartu ohi gara erabakiak hartzera, azken aukera gisa.
Hala egingo du Avelina Prat zinemagile valentziarraren Una Quinta Portuguesa filmeko protagonistak. Manolo Solok interpretatutako Fernando geografia irakaslea da, baina emaztearen bat-bateko desagerpenak kolpatuta, norabiderik gabe geldituko da, hainbeste maite dituen mapetan ere ezingo du biderik aurkitu, eta ondorioz, alboratu egingo ditu. Izan ere, berauek dira istorioa kontatzeko erabilitako motibo narratibo giltzarriak. Munduaren kaosa ordenatzeko eta nolabaiteko argazkia egiteko tresna dira, baina azken finean, mugak ezartzen dituzte (geografikoak, politikoak, historikoak, topografikoak…). Horiek irakasten ditu Fernandok unibertsitatean, eta etxean ere baditu asko, baina preso dago, ertz eta izkinetan zirrikiturik aurkitu ezinean; bizitza bera bezala, mapak ere aldakorrak dira, eta lur eremuak birmarraztu daitezkeen gisan, norbere nortasunak ere erbestea bizi dezake, horretarako prest bagaude.
Portugaleko kostaldean eta itsaso zabalari begira, Manuel ezagutuko du, bat-batean hilko dena. Haren nortasuna ordezkatuko du, eta landetxe bateko lorezain gisa hasiko da lanean. Bertan, ustekabeko harreman estua egingo du Amalia etxeko jabearekin, zeinari esker bere tokitxoa aurkitu nahiko duen. Mamuak dira denak: bai Fernando/Manuel, desagertutako emaztea, Amalaia, haren lagunak… babes bila dabiltzan iparrik gabeko arima galduak. Hala, erbesteratzearen ideia maila bisualera ekarri digu Pratek. Asfaltozko eta auto hotsez kutsatutako hiritik txorien kantu eta landare, zuhaitz eta itsasoak transmititzen duten lasaitasunera bidaia egingo du filmeko protagonistak, eta haren barne egoeraren ispilu izango da filmaren erritmo lasai eta kontenplatiboa ere. Isiltasun eta hutsune narratiboei eutsiz, arnasguneetan sostengatuko da istorioa.
Bada, lan intimo bezain poetikoa ondu du zinemagile valentziarrak, bizitzak eskaintzen dizkigun «bigarren aukerez» hitz egingo diguna, norberaren barne ezagutzaz, bakea aurkitzeko beharraz. Zentzu honetan, identitate migrazioen inguruan espainiar zinemagintzak zabaldutako leihotxoaren baitan koka dezakegu Una Quinta Portuguesa, nolabait, Ana de día (Andrea Jaurrieta, 2018), Cerrar los ojos (Victor Erice, 2023), Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi, 2024) edota Molt Iluny (Gerard Oms, 2025) filmek lerrokatutako ildoari jarraiki. Distantzia hartuz, aldendu egingo dira egunerokotasuneko neketik, urgentzia sozialetatik, bizirauteko azken aukera baliatu nahian.