Errekalde eta Galarreta arteko lotura egingo dute bidegorri berri batekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak Errekaldeko biribilgunea (Donostia) eta Galarretako eremua (Hernani) lotuko dituen bizikleta eta oinezkoen ibilbide berria eraikitzeko proiektuaren lizitazioa onartu du. Elkargune garrantzitsu bat artikulatu eta integratuko duela nabarmendu dute.
Proiektuak 4.651.572,98 euroko aurrekontua du, eta urrian hastea aurreikusten dute. Era berean, hamabost hilabeteko epea ezarri dute lanak egiteko.
“Helburu nagusia da mugikortasun jasangarria sustatzea, bide segurtasuna hobetzea eta irisgarritasuna indartzea, oinez edo bizikletaz Donostia, Hernani eta Lasarte-Oria arteko joan-etorriak erraztuz”, azaldu du aldundiak. “Bidegorri berriak lotura arina sortuko du garraiobide desberdinen artean, eta zirkulazio segurua bermatuko du”, gaineratu dute.