'Hiri ilunen umeak' disko berria argitaratu du Sara Azurzak

Sara Azurza abeslari eta konpositore donostiarrak Hiri ilunen umeak lana argitaratu du. Zortzi abesti ditu eta azken urteotan Azurza bera aldarazi duten gaiei buruzkoa da. Sei dira euskarazko piezak, eta beste biak gaztelaniazkoak. El Tigre Estudioetan grabatu du Jon Agirrezabalagaren gidaritzapean. Lana osorik entzun daiteke plataforma digitaletan.
Euskal musika aberasteko asmoa du Azurzak, eta, horretarako, indie soul elektronikoa da proposatu duena. Bere bizipenak kontatzen ditu lanean, besteak beste, gauari, heriotzari, gaztetasunari eta maitasunari eskainitako abestietan. Izenburua abiapuntutzat hartuta, donostiarrak hiru hitz erabiltzen ditu bere diskoko sinbolo gisa: hiria, iluntasuna eta haurrak.
Hiriak bere baitan duen eraginari buruz hitz egiten du, eta hiriak eskaintzen dituen aukera eta estimuluen aniztasuna aipatzen du: “Askotan ez dut jakin zein den nire bidea, eta ezagutzeko gogoa izan dut”. Hori Hiri ilunen umeak, Todas las cosas eta Begietan abestietan islatzen da, Olaia Inziarteren kolaborazioarekin. Ezagutza pertsonal horretan, bideak iluntasun uneak izan ditu, eta horiekin dute lotura Heriotzean, Non gaude eta Egin lo kantek. “Bizitza batzuetan ilun geratzen da hiri batean, eta ez zara gogoratzen neskato soil bat izan zinen uneez”, dio Azurzak.
Aldiz, Bi muxu eta Zure behatz artean abesti organiko eta alaiagoekin haurren izaeratik ematen dio bukaera diskoari.