Morlans eta Anoeta arteko trenbide zatia estal dezaten eskatuko dute bihar
Amara Berriko Auzo Elkarteak deituta, Errondo plasealekuan barrena aurrera eramango dute mobilizazioa,12:00etan hasita.

Amara Berriko Auzo Elkarteak deituta, ehun bat lagun batu ziren astelehenean egindako asanbladan. Bertan, topoak eragiten duen zaratari irtenbidea bilatzeko bidean egindako azken urratsen berri eman eta aurrera eramango ditutzen jarduerak erabaki zituzten. Besteak beste, bihar, hilak 31, manifestazioa egingo dute Amara Berriko anbulatoriotik abiatuta, 12:00etan. Protesta ekintza Errondo pasealekuan barrena joango da, trenbidearen ondotik.
Xabier Berridi elkarteko kideak gogoratu duenez, 11 urte daramatzate Anoeta eta Morlan arteko 700 metroko trenbide zatiaren estaltzea edo lurperatzea eskatuz. Horren bidez, kutsadura akustikoa murriztu eta ingurua hobetuko dela diote. Oraintsu, Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren ABAEko hiru kide eta Mugikortasun Jasangarriko batzordean aurkeztu zuten beren iritzia. “Bere garaian, erakundeek eskatuta, txosten tekniko bat egin zuen TYPSA enpresak eta bost alternatiba jaso zituen”, horien artean, lurperatzea, estaltzea edo pantailak jartzea zeuden. “Eneko Goia alkateak Morlans eta Anoeta arteko trenbidea lurperatzea aukeratu zuen”, gogoratu du Berridik; auzoko bizilagunek, aldiz, estaltzea nahi dute.
Mugikortasun Jasangarri sailburu Susana Garcia Chuecaren apustua, ordea, Tecnaliak garatu dituen pantaila batzuk jartzea da inpaktu akustikoa gutxitzeko. Aukera hori gaitzetsi dute elkarteko kideek. “Guretzat hori txapuza bat da, gainera, probatu gabe dago. Ezin da onartu. Egin dute Topoaren igarobidea eta 700 metro airean geldituko dira. Ez du ez hanka ez buru”.
Horrez gain, kezkatuta daude alkatea “desagertu” egin delako. “Ez da azaltzen bileretan, ez dakigu non dagoen. Bidali dizkiogu bi mezu luze gure ideiak adierazten, erantzun ere ez du egin. Bilera bat egin genuen ETSko zuzendari Antonio Lopezekin udaletxean, Idoeta eta Yarza agertu ziren, baina bera ez. Orduan, kezkatuta gaude”, gogoratu du Berridik, izan ere, “funtsezko aliatu” bat galtzeko beldur dira. “Berak ez badu gure ideia laguntzen…”.