Jacques Marinelli hil da, Donostiako lehen maillot horia
Aurtengo Frantziako Tourra hasi baino bi egun lehenago zendu zen txirrindulari frantziarra, 99 urterekin. Bizirik zegoen maillot hori zaharrena zen, eta lotura historikoa du Donostiarekin.

Hiru aldiz bisitatu du Frantziako Tourrak Donostia: 1949an, 1992an —abiapuntua izan zen— eta 2023an. Aldiz, lau dira maillot horiarekin hiria zeharkatu duten txirrindulariak. Jaques Marinelli frantziarra izan zen lehena, Miguel Indurain nafarra bigarrena, Alex Zuelle suitzarra hirugarrena, eta Adam Yates ingelesa laugarrena. Hain zuzen ere, Marinelli izan zen Donostiako lehen maillot horia. Iragan uztailaren 3an zendu zen, 99 urterekin, aurtengo Frantziako Tourra abiatu baino bi egun lehenago. Bera zen ordura arte bizirik zegoen maillot hori zaharrena.
Aipatu moduan, 1949an iritsi zen Frantziako Tourra estreinakoz Donostiara, eta Marinellik zeraman soinean. 23 urte zituen eta Ile-de-France taldearekin parte hartu zuen Tour hartan. Raul Perez kazetariak ziklista frantziarra gogora dakar Tropel amaigabea liburuan: «Marinellik babak eltzetik atera zituen urte hartako Tourrean, eta sei egunez izan zen sailkapen nagusiaren buruan. Donostiatik ateratako etapa gogor askoa zen, eta egun hartan esan zion agur amets horiari. Hala eta guztiz ere, hirugarren postuan bukatu zuen lasterketa Parisen, Coppiren eta Bartaliren atzetik».
Era berean, komunikabideen arloan «aitzindaria» izan zela irakur daiteke Perezen liburuan: «Bera izan zen egunez egun bere bizipenak egunkari batean kontatzen lehena —L’Equipe-n, non bestela—».
Kronista, saltzailea eta alkatea
Haren kirol ibilbidean sei garaipen lortu zituen Marinellik, horietako bi 1950eko Dauphine Libere lasterketan. Behin erretiratuta, bizikleta denda bat ireki zuen eta etxetresnak ere saldu zituen. Horrez gain, Melun (Frantzia) herriko alkatea izan zen 1989 eta 2002 urteen artean.