Jon Ander Olasagastik ere Reala utzi du
Groseko erdilariak lehen mailara igo berri den Levanteren eskaintza onartu eta 2028ra bitarteko kontratua sinatu du.

Dagoeneko hiru dira Realaren lehen taldea utzi duten harrobiko jokalariak. Klubak atzo baieztatu zuen Jon Ander Olasagastiren agurra. Groseko erdilariak 2027ra arte berritu zuen otsailean, baina txuri-urdin izateari utzi eta Levanten ariko da 2028ra bitarte.
Realetik joan diren beste biak dira Martin Zubimendi —Arsenalek fitxatu du— eta Jon Magunazelaia —Eibarren jokatuko du—. Aipatzekoa da hiruetatik bi direla donostiarrak: Olasagasti bera eta Zubimendi.
Aipatu moduan, Grosekoak lehen mailara bueltatu den Levante valentziarren eskaintza onartu du, gehiago jokatzeko itxaropenarekin. Klubeko iturrien arabera, 1,5 milioi euro inguru ordainduko ditu Levantek donostiarrarengatik. Ordea, kirol kazeta batzuek diote 500.000 euroren truke fitxatu dutela. Kontuak kontu, Realak ezer gutxi jasoko du harrobian hezitako jokalariarengatik.
Olasagasti kadetea zela iritsi zen Zubietara. Realaren bigarren taldea bigarren mailara igo zenean, txuri-urdinen erdilari garrantzitsuetako bat izan zen Xabi Alonsoren aginduetara. Lehen taldearekin, berriz, 2021-2022ko denboraldian egin zuen debuta, Panaderia Pulidoren aurka, Espainiako Kopan. Ordutik, ligako, kopako, Txapeldunen Ligako eta Europa Ligako 58 partida ofizialetan parte hartu du.
IRUTXULOKO HITZAk pasa den apirilean elkarrizketatu zuen Olasagasti, eta pozik agertu zen Imanol Alguacil entrenatzaileak emandako minutuekin, eta Realarekin zuen kontratua berritzeagatik. Ordea, hilabete gutxiren buruan, egoera nabarmen aldatu da Grosekoarentzat, eta Realetik kanpo jarraitu beharko du kirol ibilbidea.