Euskal zinema Zinemaldian: hona hemen aurtengo film nagusiak
'Aro Berria' filma. Aldaketa handiak bizi ditu euskal zinemak azken urteotan, hori bistan da, eta Donostiak ere badu protagonismoa bertan. Jaione Camborda donostiarrak irabazi zuen Urrezko Maskorra duela bi urte, eta, aurten, inoiz baino euskal ekoizpen gehien egongo da Zinemaldian. Sail Ofizialean euskarazko hiru lan (horietako bi lehiaketatik kanpo dauden arren) eta Zuzendari Berriak-en Irati Gorostidi donostiarraren lehenengo pelikula luzea.
Donostiarren gainontzeko lanei dagokionean, Lur Olaizolaren Bariazioak nabarmendu dezakegu, euskaraz, Zabaltegi-Tabakaleran. Gazteleraz dira Gregorio Ordoñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA Arantxa Aldaz, Javier Roldan eta David Taberna El Diario Vasco-ko kazetariek zuzendua, eta hedabide horrek iaz argitaratua eta Hombre Bala, Mikel Erentxun donostiarrari buruzko dokumentala, Anuska Ariztimuñok zuzendua.
Sail Ofiziala: ‘Maspalomas’, ‘Karmele’ eta ‘Zeru Ahoak’
Maspalomas izango da Urrezko Maskorrerako lehiatuko den euskarazko film bakarra. Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendu dute pelikula eta Jose Ramon Soroiz da protagonista. Bikotearekin hautsi ondoren, 76 urteko Vicentek gustuko duen bizimodua darama Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Baina istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko du. Vicentek zahar etxe batean bizi beharko du eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz. Sail Ofizialean lehiatuko da pelikula, eta Zinemaldia amaitu orduko helduko da zinema aretoetara, irailaren 26an.
Jone Laspiur donostiarra protagonista duen filma da Karmele, eta euskarazko urteko filma izateko hautagai argia da. Asier Altunak zuzendua, Karmele Urresti militante abertzalearen bizitzan oinarritua (Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua liburuan jasoa), 36ko gerran egindako borroka ekarriz. Ondarroa, Paris eta Venezuela artean egingo dugu bidaia Karmele eta Txomin Letamendia gudari eta musikariarekin batera (Eneko Sagardoy). Sail Ofizialean emango dute, lehiaz kanpo. Urriaren 10ean helduko da aretoetara.
Sail Ofizialean izango da, baina hau ere lehiatik kanpo, Koldo Almandoz donostiarraren Zeru Ahoak telesaila, ETBn estreinatutako Hondar Ahoak telesailaren segida. Nerea Garcia protagonistaren (Nagore Aranburu) inguruan ardaztuko da Zeru ahoak ere. Lau urte igaro dira Ertzaintzatik kanporatu zutenetik, baina erritual bitxi batean hildako emakume baten gorpua agertuko da Bilboko itsasadarrean, eta bere nagusi ohiak ikerketarekin laguntzeko eskatuko dio. Sail Ofizialean proiektatuko da osorik telesaila, lehiaz kanpo. Zinemaldia amaitzerakoan hasita, ETBn emango dute.
Irati Gorostidi: Aro berria
Irati Gorostidi donostiarraren lehenengo film luzea izango da Aro Berria, Zuzendari Berriak sailean estreinatuko dena. Donostiako langile mugimendutik abiatuta, grebaren eta komunaren arteko eztabaidan kokatuz. Garaian izandako esperientzia batean oinarritutako praktikak egin dituzte aktoreek, eta bertatik eraiki da filma.
Zinemira, euskal zinemaren saila
Zinemira sailean hamahiru film eskainiko dituzte aurten, horietatik zortzi euskaraz edo bi hizkuntzetan. Saila Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak estreinatuko du, Inge Mendioroz andoaindarrak zuzendua, eta Ez Dok Amairuko kantari ezagunaren bizitza jasotzen duena. IRUTXULOKO HITZAk babestutako filma da honakoa.
Bestetik, Sara Fantova bilbotarrak Aste Nagusian kokaturiko Jone, batzuetan filma eskainiko dute, estreinatu berria. Zinemiran emango dute baita Pello Mari Otaño fikzionatzen duen Ombuaren itzala filma ere, eta Oier Plazaren Popel. Nabarmentzekoa da, baita ere, duela urtebete estreinatu bazuten ere, Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentala emango dutela. Sakanan 1966tik 2011ra gertatu ziren torturei buruzkoa da, 30 lagunen lekukotzak biltzen ditu. Dagoeneko zine aretoetan egon diren euskarazko beste bi film hauek ikusteko aukera ere egongo da: Faisaien irla, Asier Urbietak zuzendutako pelikula; eta Itoiz: udako sesioak, Itoiz taldeari buruzkoa, Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendu dutena.
Euskal zinemaren gala irailaren 23an egingo da, eta Zinemira Saria jasoko dute Telmo Esnal eta Asier Altuna zinegileek. Elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, bi film labur egin zituzten, eta lehen film luzea ere elkarrekin: Aupa Etxebeste!. Filmak hogei urte betetzen dituenaren aitzakian jasoko dute saria, hala esan du Zinemaldiko antolakuntzak, pelikula mugarri bihurtu zelako euskarazko zinemarentzat.
Klasikoak, zaharberrituta
Hitzeman bezala, eta urteroko moduan, film batzuk zaharberritu ditu Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiarekin EiTBrekin elkarlanean. Aurten, Klasikoak sailean proiektatuko dituzte 1985eko hiru film: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi), Ehun metro (Ramon Saizarbitoriak idatzi eta Alfonso Ungriak zuzendua), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaiaren liburua eta Xabier Elorriagaren filma), eta 1986ko Oraingoz izen gabe (Bernardo Atxagaren gidoia Jorge Luis Borgesen ipuin batean oinarrituta; Jose Julian Bakedanok zuzendu zuen filma).
