Hamar urte bete ditu Tabakalerak
Tabakalera eraikina. Nahi beste Tabakalera da Tabakalerak bere hamargarren urteurrenerako hautatu duen leloa. Gaur, irailak 11 dituela, bete dira hamar urte zentroa ireki zenetik, eta ekitaldi handirik egin ez den arren, nabaritzen zen ez zela ohiko eguna zentroan. Irati Gorostidiren erakusketa inauguratzeko aprobetxatu dute, baita Euskadi Irratiaren platoa muntatu ere, hainbat elkarrizketa egiteko.
Hain zuzen, bertan izan da Janus Lester musikari beratarra ere izan da gaurkoan Tabakaleran. Nøgen donostiarrekin batera grabatu zuen Bi begi, bi lore kantua eskaini die bertaratu direnei,
https://x.com/tabakalera/status/1966059691622158644
Urteurrenaren harira elkarrizketa egin zion hedabide honek Edurne Ormazabal zuzendari nagusiari abuztuaren 30ean. Ormazabalen ustez, Tabakalera “kontsolidatu” egin da azken hamar urteotan: “Izaera propio eta berezia duen zentroa da, eta, batez ere, sorkuntza sustapenari egin dio ekarpena, ez soilik Donostia mailan, Euskal Herri mailan baizik”. Sortzaileengan jarri du arreta: “Urtero 600 bat sortzaile pasatzen dira gure programaziotik (erakusketak, formazioak…) eta ia 500 laguntzen ditugu diruz edo bestelako laguntzen bidez, haien ekoizpenak aurrera ateratzen”.
Tabakalerako erakundeen arteko “ekosistemaren sorkuntza” nabarmendu zuen Ormazabalek, Filmategiaren, Elias Kerejeta Zine Eskolaren eta Zinemaldiaren arteko elkarlana adibide gisa jarriz: “Sinergia hitza dagoeneko gainditu dugu. Apustu sendoa egin da erakunde guztien aldetik, eskuzabaltasunez jokatzeko hautua eginez. Amankomunean aritzeko, pixka bat, alde batera utzi behar dituzu proiektu propioak. Hori izan da erabaki inportanteena”.
Urteurren ekitaldiei dagokienean, datozen hilabeteetan hainbat jarduera izango direla zehaztu zuten, udazkenean borobilduz urteurren borobil hau.

