Zardoya eremuko hirigintza garapena egiteko aurrerapausoari oniritzia eman diote udalbatzarrean
Herrerako Herripe auzo elkarteko hainbat kide udal batzar aretoan egon dira, Zardoya eremuko hirigintza proiektuaren aurkako pankartekin.

Aurreikusita zegoen moduan, Herrerako Zardoya eremuko hirigintza garapenari oniritzia eman diote iraileko udalbatzarrean, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aurkakoekin. Zehazki, hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketaren hasierako onarpena da onartu dutena (AL.05 Jolastokieta, AL.06 Pikabea eta Erregeneako lursailak). Horren bidez, industriala izandako eremu degradatu horren erabilera aldatu egingo dute, bizitegi erabilera eta erabilera tertziarioa emateko. Horrela, pabiloi zaharrak bota eta eremu horretarako aurreikusita dagoen 400 bat etxebizitzako hirigintza garapena gauzatzen hasi daiteke udala —Udaltzaingoaren komisariordetza berria ere bertan jartzeko asmoa agertu izan du udalak—.
Herrerako Herripe auzo elkartearen beraren eta altzatar askoren kontrakotasuna izan duena hasieratik hirigintza garapenak, Altzak, hiriko auzo populatuenetako bat izanik, bestelako behar asko dituela iritzita, etxebizitza gehiago eraikitzetik harago. Hori dela eta, Herrerako hainbat bizilagun udal batzar aretoan egon dira aipaturiko puntua eztabaidatu duten unean, proiektua salatzeko pankartekin.
Degradatuta
Zardoya eremua jabetzarengandik utzita dago duela urte asko, eta Herripek hedabide honi egindako adierazpenetan salatu duenez, “udalak ez du ezer egin egoera hori konpontzeko”. Urteotan, kale egoeran dauden pertsona asko sartu dira bertan bizitzera eta hainbat elkarbizitza arazo sortu dira auzoan. Berriki, 140 lagun inguru identifikatu zituen bertan Poliziak, hedabide batzuetan argitaratu zenez, “Herripe auzo elkartearen eskaera baten ondoren”.
Auzo elkarteak hedabide honi adierazi dionez, ordea, hori ez da egia, eskaera beste termino batzuetan egin baitzuen Herripek. Besteak beste, honakoa zioen auzo elkartearen eskaerak: “Ez dira bermatzen pertsona horien gutxieneko bizi baldintza duinak. Ez ikusiarena egitea ez da soluzioa. Edozein kasutan, ez ikusiaren eta utzikeriaren aurrean, osasungarritasun baldintza minimo batzuk exijitu behar dira”.
Ildo horretatik, “zilegi da pentsatzea ea jabetzaren ez egitea, utzikeria ez ote den auzo gatazka hori leundu eta goxatzeko estrategia, eremua degradatuta errazago onartuko direlakoan bertan proposatzen diren bloke mastodontikoak“, gaineratu zuen auzo elkarteak dokumentuan.