2027ra bitarteko «elkarlan markoa» ezarri dute Pradalesek eta Insaustik
Jon Insausti alkatea eta Imanol Pradales lehendakaria, egin duten lehenengo bileran.Irekia Imanol Pradales lehendakariak harrera egin dio astearte arratsaldean Jon Insausti Donostiako alkateari Gasteizko Ajuria Enea jauregian. Bien arteko lehenengo bilera izan da, eta udalak azaldu duenez, “erakundeen arteko lankidetzari heltzeko asmoz” egin dute. Horrela, udalak azaldu duenez, bi erakundeetako lantaldeak osatu eta 2025-2027 eperako “elkarlan markoa” ezartzeko balio izan du bilerak: “Alkateak eta lehendakariak gobernantza partekatuaren konpromisoak, mugarriak, kronograma eta gakoak finkatu dituzte”.
Hain zuzen ere, “aliantzaren garrantzia” nabarmendu Insaustik, baita lehendakariari “esker ona” adierazi ere Eusko Jaurlaritzak Donostian egindako “bi inbertsio estrategiko indartsuengatik”: ordenagailu kuantikoaren instalazioa eta protoiterapia zentroaren eraikuntza.
Hiri proiektuak
Horrela, hainbat gairen inguruan hitz egin dute bi agintariek, azaldu dutenez. Etxebizitzaren arloan, berriz ere, udalak Auditz Akular berdeguneko garapen urbanistikoaren alde egindako “apustu berezia” nabarmendu du Insaustik Pradalesen aurrean. Bizilagun eta eragile ugarik urteak daramatzate egitasmo horren aurka borrokatzen, Donostiako auzo masifikatuenetako bat delako Altza eta bestelako behar nabarmen batzuk dituela iritzita —ekipamenduak, eremu berdeak eta abar—. Horrela ere, udalak bertan 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoarekin jarraitzen du.
Bestalde, Insaustik Anoeta Berriko kirol instalazioen berrikuntza integralari buruzko akordioan “aurrera egiteko” eskatu dio Pradalesi, kirol hiriarekiko konpromisoa “berretsiz”. Mugikortasunari buruz, Loiolako Erriberako trukagailua eta Tabakalerako parke berria izan dituzte hizpide, nagusiki.
Horrez gain, Miramongo Parke Teknologikoaren hazkundea ere jorratu dute, eta 2027an Egian komisaria berri bat ireki nahi duela nabarmendu du Insaustik.


