«Altza eta Auditz Akular defendatzeko» antolatuko dira bizilagunak
Altzako masifikazioa areagotzearen aurkako mobilizazio baten artxiboko irudia.Nerea Lizarralde Jon Insausti Donostiako alkateak hainbatetan errepikatu du, kargua hartu duenetik, Altzako Auditz Akular berdegunean 3.000 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa berrartuko duela eta Eusko Jaurlaritzarekin batera sustatuko duela. Aldiz, Altzako herritar eta eragile ugarik, Altza XXI Herri Ekimena buru, urteak daramatzate hirigintza garapen horren aurka borrokatzen —Odon Elorza alkate zen garaitik— eta Auditz Akularrek auzoarentzako berdegune erabilgarri bat izan behar duela aldarrikatzen. Izan ere, Donostiako auzo masifikatuenetako bat da Altza eta bestelako behar nabarmen batzuk dituela diote, besteak beste, Altza XXI Herri Ekimeneko kideek —ekipamenduak, eremu berdeak eta abar—.
Hori dela eta, “Altza eta Auditz Akular defendatzeko”, bizilagunak gehiago antolatzeko beharra ikusi dute Altza XXIkoek, eta, ildo horretatik, mugitzen hasiak dira auzoan: “Larratxo bezalako egitasmo inbaditzailea ‘Altza Hobea’ gisa izendatzeko aurpegia izan dute. Argi dago hauteskunde kanpainan daudela. Duela hogei urte, sarraski hori gelditzea lortu genuen. Etorri da berriro garaia!”, nabarmendu dute Altza XXIkoek.
“Esaten ez dituztenak”
Altza XXIko kideek gogorarazi dute Insaustik eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak, Auditz Akularri buruz hitz egiterakoan, ez dutela dena esaten. Besteak beste, hizpidera ekarri dute Eusko Jaurlaritzak irismen dokumentu bat ondu duela berriki, gomendatuz Auditz Akularren ez eraikitzea. Ildo horretatik, gogoratu dute balio ekosozial handiko eremua dela Auditz Akular: “Babesleku klimatiko baten eta biodibertsitate erreserba baten aurrean gaude”.
Era berean, nabarmendu dute Insaustik eta Itxasok ez dutela esaten 2010eko hiri antolamenduko plan orokorrean (HAPO) Auditz Akularrerako aurreikusitakoa (3.000 etxebizitza) “ekonomikoki eta teknikoki bideraezina” dela, eta “salbuespenezko prozedura bat” ezarri nahi dutela Auditz Akularreko proiektua garatzeko, “plana sustatzen duen organo berari ingurumenaren kontrola emanez”.
Auditz Akularren eraiki nahi dituzten 3.000 etxebizitzetatik, 2.400 inguru alokairu publikokoak izango liratekeela gogorarazi dute Altza XXIkoek, eta horrek “kohesio sozialean eragina” izan dezakeela. Halaber, egungo etxebizitza larrialdia, hein handi batean Insaustiren eta Itxasoren alderdien (EAJ eta PSE-EE) eta ordezkatzen dituzten erakundeen erantzukizuna dela salatu dute: “Bi administrazioek hamarkadetan egin ez dutena bat-batean egin nahi dute orain, leku desegokian eta proiektu jasanezin batekin”.


