Rosa Zarraren plaka eta aitortza mantenduko ditu udalak
Esan sindikatuaren eskaera deitoratu du Jon Insaustik: "Horrelako adierazpenek ez dute hiriko elkarbizitza errazten".
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak Rosa Zarra Marin donostiarraren omenezko plaka ofiziala mantenduko duela esan du Jon Insausti alkateak. Pasa den larunbatean jarri zuten Amara Berrin, eta, horrela, udalak aitortu zuen Zarra jardun polizialaren biktima izan zela. Atzo, ordea, Ertzaintzako Esan bigarren sindikatu indartsuenak eskatu zuen plaka “berehala” kentzeko.
Insaustik sindikatuaren eskaera baztertu du, eta Zarrari udalak egindako aitortza berretsi du: “Hori da larunbatean egin genuena, eta hori bera mantentzen dugu. Plaka han dago eta han jarraituko du”. Horrekin batera, Esan sindikatuaren jarrera deitoratu du, horrelako adierazpenek ez dutelako “hiriko elkarbizitza errazten”.
Udalak “memorian” sakondu nahi duela gaineratu du Insaustik, “egian, justizian eta erreparazioan”. Ildo beretik, esan du “hiri honek sekulako zortea” duela: “Alderdi politiko guztiek bat egiten dugu memoriaren gaian. Bat egin genuen atzo memoriaren egunean, eta baita ere larunbatean. Hori babestu behar dugu”.
