Auditz Akular babesteko «bost arrazoi» plazaratu ditu Altza XXIk
'Ez delako eredua, ez delako lekua' lelopean, Auditz Akular Altzako berdegunea babesteko arrazoiak mahai gainean jarri ditu Altza XXI Herri Ekimenak, baita herritarrak balkoi eta leihoetan horren aldeko banderola berdeak jartzera animatu ere.
Auditz Akular eremua, errepidearen eta Altzako etxeen artean.Joseba Parron San Sebastian Altzako Auditz Akular berdegune handian 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmo irmoa agertu du azken asteotan Donostiako Udalak, Jon Insausti alkatearen ahotik. Horren aurrean, eremua babesteko mobilizatzen eta antolatzen ari dira auzotar asko, Altza XXI Herri Ekimena buru.
Horrela, Ez delako eredua, ez delako lekua lelopean, Auditz Akular Altzako berdegunea babesteko bost arrazoi nagusiak mahai gainean jarri ditu orain Altza XXIk: “Eremuak ingurumen eta estrategia ikuspuntutik dituen balioak, gizarte mailako balioak, proiektua soziologikoki onartezina dela, ez dela etxebizitzaren arazoari eman behar zaion erantzuna eta hirigintzaren eta ekonomiaren ikuspegitik ere desegokia eta desorekatua dela”. Era berean, Auditz Akularren eraikitzearekin ados ez daudela erakusteko, balkoi eta leihoetan banderola berdeak jartzera deitu dituzte herritarrak; euro batean daude salgai Nido tabernan, Peñuelo liburu dendan, La Mas Kuki dendan eta Amalur belar dendan.
Ingurumen balioei dagokienez, gogorarazi dute “Auditz Akular lurralde natural paregabea” dela, “ia 100 hektarea muino eta ibarbide, ingurumen eta ekosistema balio garrantzitsuekin, biodibertsitate erreserba eta klima babesleku izaerarekin”. “Eusko Jaurlaritzako ingurumen organoak, Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapenari buruzko nahitaezko txostenean, biziki gomendatu du Auditz Akularreko lurzoruetan ez eraikitzea, hainbat arrazoi garrantzitsu direla medio”, gehitu dute.
Gizarte balioen inguruan, nabarmendu dute Auditz Akular dela “Altzako komunitate masifikatuak duen azken birika berdea” dela: “Gogora dezagun Altzan espazio libre eta berde gutxi daudela, 1,78 metro koadro biztanleko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 10-15 metro koadro biztanleko gomendatzen duenean. Auditz Akular 1970-1980ko hamarkadetako urteetako hirigintza prozesu espekulatibo eta irrazionala pairatu eta gainditu behar izan duen komunitate horren bizi kalitatearen estandarrak hobetzera bideratu behar dugu, biztanleriaren aisialdirako erabiltzeko gaitasun handia duelako”.
Arrazoi soziologokoei buruz, ohartarazi dute Auditz Akular “ghetto” bihur daitekeela: “Alokairuko etxebizitza leku bakar batean kontzentratzea (2.400) segregazio sozialeko praktika bat
da, hamarkada batzuk atzera eginarazten diguna, esperimentu soziologiko arriskutsu batez gain, eta hirigintza modernoa legezko printzipio gisa definitu behar duen kohesio sozialaren
guztiz aurkakoa”.
Etxebizitzaren arazoaren harira, aldarrikatu dute “hainbat neurri” hartu behar direla “lurraldean zehar eta hiri osoan banatuta, eta udal aurrekontuetan egin beharreko inbertsioa eginez”: “Adibide bat jartzearren, Donostian 15.892 etxebizitza daude bigarren egoitzaren eta etxebizitza hutsen artean. Eta 1.400 pisu turistiko daude”.
Azkenik, Altzak bestelako beharrak dituela nabarmendu dute: “Gaur egungo Altzari ekarpenik egin beharrean eta auzoetako egungo arazoak konpondu beharrean, proiektu inbaditzaile honek berez gainezka eginda dagoen komunitate baten bizi kalitatea kolapsatu eta okertuko luke. Ez du balio erantsirik, ez hirigintzakoa, ez ekonomikoa, ez soziala”.


