Gabonetan lehen mailako arretan murrizketak egingo dituztela salatu du OPAk
Bi elkarretaratze egingo dituzte Donostian, hilaren 15ean Egiako merkatuan, eta hilaren 16an Groseko anbulatorioaren aurrean.
OPA plataformak Handia kalearen aldamenean egin zuen elkarretaratzea. OPA plataforma Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak (OPA) Osakidetzak Gabonetan egingo dituen murrizketak salatu ditu. Batez ere, lehen mailako arretako osasun zentroetan izango dira.
“Salbuespen neurriak izateko urrun, Osakidetzak urtero aplikatzen ditu eta jarduteko modu ohiko bihurtu dira, osasunaren inongo arduradunek hauek geldiarazteko benetako irtenbiderik ezarri gabe”, deitoratu du plataformak.
Osasun sailburuak “kontingentzia planak” eta “zerbitzuen berrantolaketa” gisa definitzen dituela gogorarazi dute, baina osasun arretarako murrizketak direla dio OPAk: “Zentro sanitario gehienetan ordutegiak murrizten dira. Batzuk hainbat egunetan itxiko dituzte, beste batzuk jai guztietan itxita, eta osasun zentro batzuk medikurik gabe arituko dira”.
Hori dela eta, mobilizazioak iragarri dituzte Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Donostian bi elkarretaratze egingo dituzte. Bata, hilaren 15ean, Egiako merkatuan, 18:30ean. Bestea, berriz, hilaren 16an, Groseko anbulatorioaren aurrean, 12:00etan.
