Txuri Urdinek garaipen bikoitzen boladari eutsi nahi dio
Realeko mutilek eta neskek etxean jokatuko dute, gaur eta etzi, hurrenez hurren; Gipuzkoa Basket gaur ariko da lehian, eta, bihar, Ibaeta Basket.
Txuri Urdineko neskak, Valdemororen aurkako partida batean.Txuri Urdin Binaka hobeto moldatzen dira Txuri Urdineko neskak. Jokatu dituzten azken bi jardunaldi bikoitzetan, bi neurketak irabazi dituzte, Tartalo eta Valdemoro taldeen kontra. Bihar eta etzi, berriz, Huarte nafarrak hartuko dituzte Anoetako izotz jauregian. Sailkapen nagusian goraka doaz pixkanaka, eta dagoeneko laugarren tokian daude.
Futbolean, Realeko mutilek gaur jokatuko dute Anoetan, Gironaren kontra (21:00). Bi taldeak puntu premian dira, jaitsiera postuetatik aldendu nahi dutelako. Hain zuzen ere, kataluniarrak putzuan sartuta daude, eta, beraz, txuri-urdinentzat oso garrantzitsua izango da etxean uztea hiru puntuak. Horretarako, hainbat jokalari berreskuratu dituzte —esaterako, Igor Zubeldia—, eta entrenatzaileak hamaikako lehiakorrago bat egiteko aukera izango du. Aldiz, Realeko neskek Deportivo hartuko dute etzi, Zubietan (12:00). Real Madrilen zelaian izandako porrot mingarriaren ondoren —txuri-urdinek haien atean sarturiko gol batengatik galdu zuten—, arerio apropos bat izango dute aurrez aurre, garaipenaren bidera itzultzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan zion liderrari bere pistan irabazi. Ordea, Gaska kiroldegian inoiz baino sendoago dabiltza, eta Cadi La Seu arerio gogorra mendean hartzen saiatuko dira bihar, 18:00etan. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Palentziaren pistan jokatuko du gaur, 21:00etan. Illunbeko azken garaipen onak konfiantza eman dio taldeari.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 11. eta 12. partidak
- Txuri Urdin – Huarte (bihar, larunbata, 14:30)
- Txuri Urdin – Huarte (etzi, igandea, 14:15)
Futbola
Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia
- Reala – Girona (gaur, ostirala, 21:00)
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Reala – Deportivo (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Cadi La Seu (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 11. jardunaldia
- Palentzia – Gipuzkoa Basket (gaur, ostirala, 21:00)
