Udal gobernuak Miramar parkearen erabilera «pribatizatu» duela dio EH Bilduk
Miramar parkea, itxita.EH Bildu EH Bilduk ohartarazi duenez, Donostiako Udal Gobernuak Miramar parkea itxi du, “interes pribatuak berriz interes orokorraren gainetik lehenetsiz”. Hain zuzen ere, Miramar Magikoa ikuskizunarengatik mugatu dute sarbidea.
“Antiguako eta gainerako herritarrek sarbidea debekatuta dute abenduaren 4tik urtarrilaren 5era, 17:30etik aurrera”, kritikatu du udal taldeak. “Parkearen sarreran jarri duten ohar baten bidez baino ez dituzte eman azalpenak herritarren aurrean egunero itxiko dela iragarriz”, gaineratu dute.
“Kezka” eta “ezinegona” agertu du EH Bilduk gertatzen ari denaren aurrean: “Miramar gisako espazio libre eta publiko bat interes pribatuen mesedetan jarri dute”. Auzotarrek adierazitako kexekin bat egin du udal taldeak. “Gertatzen ari dena tamalgarria eta arbuiagarria da, baita kezkagarria ere, honen atzean hiria egiteko modu bat dagoelako”, nabarmendu dute.
Donostia Sustapena da aipaturiko ikuskizunaren antolatzailea, eta horren atzean Naturaleza Encedida dagoela jakinarazi dute: “Madrilen bost urtez ospatutako argi ikuskizun honek bizilagunen zein ekologisten kexa ugari jaso ditu, besteak beste, espazio publikoaren pribatizazioagatik, eta udalak aurrekari horiekiko axolagabekeriaz jokatu duela dirudi”.


