EH Bilduk etxebizitzari buruzko bere ekintza plana aurkeztu du: 15.000 etxebizitza berri, lur gehiago okupatu gabe
EH Bilduk etxebizitzari buruzko bere ekintza plana aurkezteko gosari informatiboa egin du.EH Bildu Gero eta hiri eta herri gehiagotan ari da larriagotzen etxebizitzaren arazoa, eta Donostiako arazo nagusienetako bat da, eskaintza urriagatik eta, batez ere, prezio altuengatik. Hori dela eta, EH Bilduren udal taldeak etxebizitzari buruzko ekintza plan bat garatu du, eta ostiral goizean aurkeztu dute Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Garbiñe Alkiza eta Ricardo Burutaran zinegotziek. Lau lan ildo nagusi ditu plan horrek, hiru printzipioren inguruan eraikitakoak, azaldu dutenez: “Lur gehiago hartu gabe barrurantz haztea, auzoen arteko oreka bilatzea eta erabilera mistoak sustatzea”.
Horrela, eman dituzten datuen arabera, batetik, “8.271 etxebizitza berri lortu daitezke metro karratu bakar bat gehiago okupatu gabe, hirigintza garapen berriekin”. Eta, bestetik, eraikita dagoen hirian esku hartzeak eginda, “5.000-7.000 etxebizitza inguru” lortu daitezkeela diote. Hau da, guztira, 13.000-15.000 etxebizitza berri lortu daitezkeela dio koalizioak, dagoeneko okupatuta ez dauden lurrak okupatu gabe.
EH Bilduk adierazi du azken urteotan egindakoak ez duela arazoa konpondu, “areagotu baizik”: “Etxe berriak eraiki dira eskaintza gehiago izatean prezioak jaitsiko zirelakoan, baina eraiki diren etxebizitza sustapen berrietan etxebizitza libreen eraikuntza lehenetsi da babestuen aurrean. Datu batek ongi baino hobeto laburbiltzen du hori: 1986tik 2025era Donostian etxebizitza kopuruak %46 gora egin duen bitartean, gaur egun dauden etxebizitza guztietatik %4 soilik da babestua modu iraunkorrean. Horri gehitu behar zaio etxeen prezioek urtetik urtera gora egin dutela etengabe. Gaur egun, Donostiak inoizko preziorik garestiena du: 6.107 euro metro karratua”.
Auditz Akular, “eremu natural”
Lur gehiago ez okupatzea da ekintza planeko lehenengo lan ildoa. Hain zuzen ere, udal gobernuak Altzako Auditz Akular berdegunean eraikitzeko asmoa du, baina EH Bilduk dio “barrurantz hazi” behar dela, “jakin behar baita hiri bakoitzak bere mugak dituela eta lekua utzi behar zaiola naturari, gune berdeei eta basoei”. Horren harira, bi egitasmo zehatz jarri dituzte mahai gainean: “Alde batetik, Antondegi desklasifikatzea proposatzen dugu, HAPOaren aurrerapenak gomendatzen duen moduan. Eta, bestetik, Auditz Akular babesteko eremu naturala izendatzea”.
Horrela, Auditz Akularren egiten den “hirigintza garapen oro irisgarritasuna hobetzearen eta eremu naturala duintzearen mesedetan egitea” da oposizioko alderdiaren proposamena. “Altzak jasandako neurriz kanpoko garapen urbanistikoak ezin du jarraitu, eta Auditz Akularrek bertakoentzat birika natural izaten jarraitu behar du. Errespetatu beharreko eremua izan behar du. Auditz Akular balioan jarri behar dugu, naturarekiko sarbidea bermatuz. Erakargarriagoa, irisgarriagoa eta duinagoa izatea lortu behar dugu, bai Altzari eta baita Donostiari ere ekarpen bat egiteko”, adierazi du Izagirrek.
Eraikitako hirian esku hartzea
Asko dira eraikitako hirian esku hartzeko moduak, EH Bilduk azaldu duenez. Horietako bat da beste erabilera duten etxebizitzak bizitzeko berreskuratzea: “Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz alde batetik, eta bestetik, pisu turistikoak berreskuratu lizentzien iraungitzearen bidez, eta baita ere bizitzeko ez den beste erabilera dituztenak errekuperatuz”. Zentzu honetan datu batzuk gogoraraztea komeni da: udalaren datuen arabera, 2.500 etxebizitza huts inguru daude Donostian eta 1.400 etxebizitza turistiko inguru. Bestalde, 14.000 bigarren etxebizitza inguru daude Donostian, praktikan, hutsik daudenak.
Beste esku hartze mota bat da dagoeneko existitzen diren eraikinetan esku hartzea eta sortzen diren etxebizitzak babestuak izatea lehenestea. Hori egiteko bost esku hartze mota identifikatu dituzte EH Bildukoek: lokalak, segregazioak, altxareak, bolumena gehitzea eraikinei eta eraikinen birgaitze integralak egitea.
Leku degradatuetan “aukera berriak” bilatzearen alde ere agertu dira. Alde batetik, indarrean dagoen hiri antolamenduko plan orokorrean (HAPO) zentzu horretan jasotakoak gogorarazi dituzte: Villa Ereski, Añorga, Lorategi Hiria, Auditz Akular, Txomin II, Antzieta-Trinkete-Portutxo, Apostolutza, Sarroeta, Infernua, Illarra, Igara DV, Aldakoenea eta Manteo. Bestetik, HAPOan ez daudenak baina udal gobernuak aintzat hartzen dituenak ekarri dituzte gogora Loiolako kuartelak, Easo, Morlans, Intxaurrondoko Meteorologia Institutua (Aemet) eta Agustindarrak. Azkenik, EH Bilduk esku hartzeko beste eremu posible batzuk ekarri ditu hizpidera: Txingurri, Miramongo parke teknologikoa, Igarako enpresa gunea eta Infernua-Añorga (GI-20). “Hauetatik aparte, eta epe ertain-luzera begira, GI-20 errepidearen eraldaketak sortuko dituen aukerak ditugu”, gaineratu dute.
Era berean, irizpide orokor batzuk zehaztu dituzte garapen urbanistiko berri guztientzat: “Etxebizitza babestuaren kopurua maximoetara eramango da; auzo biziak izatea da helburua, eta horretarako, gune horietan zerbitzu eta ekipamenduetan dauden gabeziak zuzendu eta etorkizunean beharko direnak aurreikusi beharko dira eta, bizi diren herritar eta bizilagunekin elkarlana bultzatuko da, eremu horretan dauden gabeziak identifikatzeko, proiektua partekatzeko eta bertakoen onarpena eta adostasuna bilatzeko”.
Etxebizitza eta lana
“Erabilera mistoak” sustatzearen alde agertu da EH Bildu: “Alde batetik, etxebizitzak egin dira, eta, bestetik, lanerako eremuak sortu dira”. “Gure proposamena bi erabilera horiek uztartzea da, hau da, etxebizitzak enpresa guneetara eta parke teknologikoetara eramatea eta, jarduera ekonomikoa sustatzea dagoeneko etxebizitzak dauden tokietan”, azaldu du Alkizak.
“Egiaztatua dago etxebizitzak soilik dauden espazioetan jarduera ekonomikoa garatu denean, auzune hauek biziagoak bilakatzen direla. Aldi berean, enpresak eta lantokiak soilik dauden eremuetan etxebizitzak eraikitzen direnean, eremu hauek biziberritu egiten dira. Hirigintza antolamendu berri honekin azpiegiturak, zerbitzuak eta ekipamenduak aurreikusi beharko liratekeela uste dugu. Irizpide hau jarraituz egiten dugun proposamen zehatza Miramongo Parke teknologikoan eta Igarako gune enpresarialean etxebizitzak eraikitzea da”, gaineratu dute.
Auzoen arteko oreka
“Donostian etxebizitzak eraikitzeko erakundeek jarraitu duten eredua oso estankoa izan da, eta desorekak sortu ditu, gainera: ekialdeko auzoetan etxebizitza xumeagoak eraiki diren bitartean, mendebaldeko auzoetan beste etxebizitza mota bat sustatu da”, azaldu dute zinegotziek, horri buelta emateko beharra nabarmenduz. Horren harira, hiru ardatz identifikatu ditu alderdiak: kostaldekoa, Urumeakoa eta GI-20 saihesbidearena.
Kostaldeko ardatzari dagokionez, “arreta hori jaso izan duen arren, ezin esan ardatz honetako herritarrak erdigunean egon direnik”, salatu dute: “Haien auzoetan arrotz, gentrifikazioaren kalteak eraginda bizi dira zerbitzuen galerarekin”. Urumeakoari dagokionez, “urteetan ahaztuta” egon dela gogorarazi dute, baina “Urumea auzo bizigarrien eredu” izan daitekeela uste dute: “Etxebizitza publiko eta sozialak, lanerako eta zerbitzuetarako guneak, aisialdia eta harremanetarako espazioak, gune naturalak eta herritarren parte hartzea”. Azkenik, saihesbidearen eraldaketaren garrantzian jarri dute fokua: “Altzatik Añorgara, errepide zahar batek zeharkatzen ditu gune hauek denak, haien arteko eta auzo barneko konexio naturalak zailduz. Saihesbidea eraldatuta irabaziko luketen espazioa aukera paregabea da auzoan beharrei erantzun ahal izateko”.
