Alberto Gastesiren 'Argi gorriak' telesaila martxoaren 20an estreinatuko da
Itziar Ituño aktorea da 'Argi gorriak' telesaileko protagonista.Alejandra Donat Bartzelonako Serielizados telesailen jaialdian estreinatu ondoren, Argi gorriak telesaila martxoaren 20tik aurrera ikusi ahalko da EITBren Primeran plataforman. Alberto Gastesi zinemagile donostiarrak zuzenduriko lehendabiziko telesaila da, eta Itziar Ituño aktorea da protagonista. 30 minutuko zortzi atalek osatzen dute.
Umorea, intriga eta familia drama uztartzen ditu telesailak, gaur egungo ikuspegi fresko batekin. Ituñok Elena Mugika bikoizlearen rola jokatzen du. Atzean utzi ditu bere urterik sutsuenak, eta errutinan murgilduta bizi da. Ordea, bere senar ohia ustekabean itzultzen da iktus batek jota, eta heriotza mehatxu arriskutsu batean nahastuta. Aktore taldea osatzen dute Nerea Sanz, Anartz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodriguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas.
Gastesi bera, Alex Merino eta Alejandra Arrospide dira telesailaren sortzaileak, eta Vidania Filmsek ekoitzi du EITBren partaidetzarekin.
Hauxe da sinopsia:
“Aitak abandonatzea baino gauza okerragorik badago: hura bost urte geroago itzultzea, hitz egitea eta ia mugitzea eragozten dion iktus batek jota. Egoera, berez arrotza, are kezkagarriagoa bihurtzen da bere itzulera txerri gazi-gozo plater batean ezkutatutako heriotza-mehatxu bat agertzearekin batera gertatzen denean. Mugikatarrak sekula ez dira ondo moldatu familia gisa, baina zerbait estimatzen badute, beren bizitzak dira. Horiek salbatzeko, taldean lan egin beharko dute eta aita azken urteetan zein istilutan sartu den jakin beharko dute. Zenbat eta lehenago konpondu auzia, orduan eta lehenago izango dira familia zoriontsuki banandua”.
