Txomiñeneko osasun zentroaren lanak 2027an bukatzea aurreikusten du alkateak
Arteleku plazan eraikiko duten anbulatorioaren irudia. Eusko Jaurlaritza Arteleku plazako anbulatorio berriaren lanak aurrera doazen bitartean, Donostiako Udalak Txomiñeneko lursaila Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea onartu du. Horrela, udal jabetzakoa izateari utzi dio, titulartasuna Jaurlaritzaren esku utzita. Gogoratu behar da, Osasun Sailak 9,4 milioi euro inbertituko dituela.
Goikoene kalearen ondoan dagoen eremuan ari dira lanean, eta osasun zentroaren eraikuntza 2027rako bukatzea aurreikusten du udalak. Horrela baieztatu du gaur Jon Insausti alkateak, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian. Epeak betetzen ari direla esan du alkateak.
Anbulatorio berriak Antzieta kalean dagoena ordezkatuko du. Eraikinak 3.307 metro koadro erabilgarri izango ditu lau solairutan banatuta. 30 kontsultategi izango ditu: Familia medikuntzarako 21 —hamaika mediku eta hamar erizaintzakoak—, pediatriako bost —hiru mediku eta bi erizaintzakoak—, bi emakumeen arretarako, beste bi fisioterapiarako eta gimnasio bat. Halaber, sei administrari postu izango ditu. Horrez gain, senda gela, odola ateratzeko gela, bestelako probetarako lekua, larrialdiak eta talde jardueretarako gela izango ditu. Hirugarren solairuan, adikzioak artatzeko zentro bat jarriko dute, eta eraikinean Biogipuzkoak ikerketarako bulegoak izango ditu.
Aspaldiko eskaera
Loiola, Txominenea eta Martuteneko bizilagunen aspaldiko eskaera zen, izan ere, txiki geratu da egun artatzen dituen 7.500 bizilagunei arreta emateko; eta are gehiago, datozen urteetan ingurua 17.000 bizilagun izatera iristea aurreikusten dela kontuan hartuta.
