Uberrek «intrusismo profesionala» egiten duela salatu du Taxi Federazioak
Martxoaren 26an manifestazioa egingo dute Donostian, egoera salatzeko.
Hainbat taxi, Bulebarrean.Iberium Web Uber zerbitzua Donostiara iristea kritikatu du Euskal Herriko Taxi Federazioak: “Intrusismo profesionala” dela adierazi du: “Are gehiago, Donostiako alkatearen azken adierazpenek eta Uberrekin izandako bilerak berresten dute ibilgailu gidaridunek (IG) ez dutela inolako interesik arau esparru zorrotza betetzeko”. Mobilizatzera deitu dute, eta martxoaren 26an manifestazio bat egingo dute Donostian.
“Harritu egiten gaitu hainbat ordezkari politikok intrusismo hori onartzeak”, diote hedabideei igorritako mezuan. Honakoak dira arrazoiak: “Uberrek Herbehereetan du zerga egoitza, eta, beraz, bertan dituen diru-sarrerak aitortzen ditu, eta zerbitzuagatiko komisio gehienak euskal lurraldetik kanpo ordaintzen ditu; IG baimenak dituzten eta plataforma horiekin lankidetzan aritzen diren enpresa gehienek Madrilen dute egoitza, eta, beraz, gure lurraldean ere ez dute zergarik ordaintzen; Egiaztatu ahal izan denez, plataforma horietan ibilgailu gidaridunek emandako zerbitzuek zerbitzu nabarmen prekarioak eskaintzen dituzte, bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat”.
Euskal Herriko Taxi Federazioak dioenez, “askotan” salatu du hori guztia ordezkari politikoen aurrean, “eta taxi zerbitzuarekin eta araudia IG-ei betearazteko betebeharrarekin duten konpromisoa adierazten badigute ere, errealitateak erakusten digu konpromiso horiek ez direla praktikara eramaten”.
Erakunde publikoen eta IG zerbitzuak eskaintzen dituzten plataformen arteko adostasun hori ez du onartuko Taxien Euskal Federazioak. Honela, Bilbon egin diren mobilizazioak euskal lurraldeko beste hiri eta udalerri batzuetara zabalduko direla iragarri dute. Esan moduan, Donostian manifestazio bat egingo dute hilaren 26an. Mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazi dute, aldarrikapen sinple batekin: “Taxien sektoretik araudia betetzea baino ez dugu eskatzen”.

