Etxebizitzaren aldeko martxa egin dute Grosetik Amarara
Jendetsua izan da Donostiako hainbat eragile sozialek deituriko arratsaldeko manifestazioa. Katalunia plazan hasi eta hiriko hainbat kale aldarriz bete ostean, Easo plazara iritsi dira.
Hainbat eragilek deituriko manifestazioa, Grosen.Joseba Parron San Sebastian Martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat eginez, bestelako aldarrikapen batzuk kaleratu dituzte hiriko hainbat eragile sozialek. Etxebizitza eskubidea bermatu! Soldatak igo eta hemen erabaki! lelopean, ehunka lagunek egin dute Groseko Katalunia eta Amarako Easo plazen arteko bidea.
Kalez kale, “langile klasearen pobretzearen erantzuleak” seinalatu dituzte. Esaterako, Azora putre funtsaren egoitza eta bidean topatu dituzten banketxeen sukurtsalak. Gros zeharkatu, Kursaal paretik pasatu eta Zurriolako zubia gurutzatu, Bulebarra igaro, eta Eusko Jaurlaritzaren Andia kaleko ordezkaritzatik abiatu dira Erdialdera, eta, azkenik, Amarara.
Easo plazako kioskoan egin dute bukaerako ekitaldia, eta deialdia egin zutenean iragarritakoa berretsi dute martxarekin bat egin duten herritarren aurrean: “Donostian, etxebizitzaren auziak zentraltasun osoa hartu du, eta gaur egun klase borrokaren adierazpenik gordinenetakoa bihurtu da. Soldatapeko lana eta etxebizitzaren auzia estu lotuta daude sistema kolonial, kapitalista eta zisheteropatriarkalaren egiturekin eta botere mekanismoekin”.
Nabarmendu dutenez, hainbat dira “sektore arautu gabean” eta “babes sindikalik gabe lan prekarioetan” aritzen direnak: “Oro har, gazteak, emakumeak, pertsona arrazializatuak, sexu langileak eta sexu genero disidentziak. Egoera horrek zuzenean eragiten dio etxebizitzarako sarbideari maiz berau lortzeko aukeratik kanpo geratzen dira, gurpil zoro batean harrapatuta”.
Jarraian ikus dezakezue Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma:

