Iruñeko erailketa matxista salatu du Itaiak
Itaiak Donostian egindako mobilizazioa. Igandean, 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan, etxebizitza bateko hirugarren solairutik amilduta, eta Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen horren harira. Emakumearekiko urruntze agindua zuen gizonak, eta gertatutakoa ikertzen ari dira. Hilketa matxista salatzeko, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak elkarretaratzeak egin zituen atzo (hilak 13) Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Donostian, 18:30ean elkarretaratu ziren, Bulebarrean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. “Eraso orori aurre egin, eraso egin dieten emakumeek beren bizimoduan jarraitzeko kalitatezko bizi baldintzen alde egin, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatu, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin”, nabarmendu zuen Itaiak.


