Mugimendu feminista kalera aterako da, Iruñeko erailketa matxista salatzeko
Hilketa matxista bat salatzeko elkarretaratzea, artxiboko irudi batean.Donostiako Asanblada Feminista Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxak mobilizazioak antolatu ditu gaurko (hilak 14) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Iruñean egunotan izandako erailketa matxista salatzeko. Donostian, 20:00etan egingo dute mobilizazioa, Bulebarrean.
Igandean, 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan, etxebizitza bateko hirugarren solairutik amilduta, eta Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen horren harira. Emakumearekiko urruntze agindua zuen gizonak, eta gertatutakoa ikertzen ari dira. “Guk ez dugu inolako zalantzarik; Euskal Herrian 2026an indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da”, salatu dute feministek.
“Nazkatuta eta amorratuta” agertu dira mugimendu feministako kideak: “Hamar egunetan Euskal Herrian bi erailketa matxista eta beste erailketa saiakera bat izan dira”. “Behin eta berriz esaten dugu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela, emakumeok* pairatzen dugun indarkeria egiturazkoa dela, sistema oso bat dagoela honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena. Eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok* zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak”, gaineratu dute.
Horrela, autodefentsa feminista aldarrikatu dute: “Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude. Horregatik, beste behin ere, ozen esaten dugu: feministok autodefentsan jarraituko dugu. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezain bestetan salatzen eta kaleak hartzen. Egungo egoera irauliko dugu denok aske bizi ahal izateko”.



